Xerka proiektuko argazki erakusketa apirilaren akaberan eta maiatzaren hasieran ikusgai izan zen Altsasuko Iortia kultur gunean. Haren osagarri hitzaldia eman zuten proiektuko kideek, altsasuar baten testigantzaz lagunduta. Kontzeptu bategatik elkartu gintuen proiektuko kideekin.
Zer da sexilioa?
Martxel. Sexu orientazioa, genero identitatea dela-eta jasaten duten zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen edo pertsona disidenteen migrazio behartua. Guk azken hitz horretan azpimarra jartzen dugu, behartua dela, inork derrigortu gabe ere, ihesbide moduko bat delako. Definizio horren faktore garrantzitsuena termino hori da.
Erabaki horren atzean, zer dago?
Joseba. Gauza ugari. Segur aski sexilioa beti egon den gauza bat da. Historikoki, herri txiki guztietan izan dira herritik hanka egin duten pertsonak. Beharbada askotan ez dakigu zergatik joan diren herritik, eta ikusezinak ere izan dira hamarkada luzez. Gaur egun, poliki-poliki, ikusgarritasun pixka bat ematen ari gara LGTBIQ+ kolektiboko pertsona guztiei. "Duela 20 urte hemendik martxa egin zuen Mikel. Zergatik joan zen? Nora joan zen? Zergatik ez zen hemen eroso sentitu?" Heteroarauak markatzen duen bidetik atera garen guztiok beti egin dugu migrazio behartu hori. Baina, beharbada, guk geuk ere ez dugu jakin zergatik egin dugun. Eta herrian ere desagertu den jende asko ez dakigu zergatik desagertu den. Desagertuta egon den jende horri guztiari hitza eta lekua eman nahian gabiltza. Herriz herri gabiltzala konturatu gara halako zenbat jende dagoen. Zeren hitzaldiak akabatuta, guregana hurbildu zaizkigu behin baino gehiagotan lekukotza ematera. "Ni duela 30 urte Iruñera joan nintzen. Eta gaur egun nire herrira bueltatzen naiz. Zuek ari zarete mintzatzen sexilioari buruz eta ni izan naiz sexiliatutako bat. Zein ederra den nire herrian gaur egun posible izatea gauza horiei buruz hitz egitea". Beraz, zenbait jenderengan errekonozimendua sentitzen ari gara, beti existitu den fenomenoa izan da, gaur egun ere existitzen dela. Gaur egun oso modernoak gara denak, eta denok dugu lagun gay bat, denok dugu lehengusina lesbiana bat, den-denok gara guztiz toleranteak. Baina kontuz tolerantziaren termino horrekin. Nondik nora egiten da tolerantzia hori? Zeren beti dago toleratzen duen bat.
"Heteroarauak markatzen duen bidetik atera garen guztiok beti egin dugu migrazio behartu hori"
Sexiliorako pauso hori ematea kosta egiten da?
M. Xerka proiektuak bost testigantza biltzen ditu. Beraien lekukotasunetan nabaritzen da kosta, ez dakit, baina askotan, beharbada, konturatu gabe egiten dela migrazio mota hori, bestelako faktore batzuengatik baldintzatuta dagoelako, esaterako, ikasketak edo lan kontuak. Askotan jende hori ez da konturatzen zein beharrezkoa zuen kanpora alde egitea kanpoan dagoen arte. Kasu batzuetan kosta eginen da, baina beste batzuetan nahigabeko zerbait da kasik. Prozesu pertsonala da, bakoitzak bere erabakia hartzen du, modu kontzienteago batean edo egoerak behartuta. Faktore ugarik baldintzatzen duten migrazioa da.
J. Denok leku seguru bat bilatzen dugu. Sortzen garen momentutik, familia batean, herri batean, kolektibo baten barrenean nahi dugu onartuak izan, maitatuak izan. Zenbaitek hori lortzen dute biziak jartzen diren leku horretan, beste batzuek, beharbada, ez. Eta leku seguru baten bila LGTBIQ+ kolektiboko jende ugarik bere herritik kanpora jotzen du. Herri guztietan dagoen fenomeno bat da. Eta seguru Sakanako herri ugaritan gertatu dela. Guretako oso aberasgarria ari da izaten orain arte isilpean egon den hori ateratzea. Jendeak erantzun, feedback goxoa ematen digu bueltan. Jendea ez bakarrik zoriontzera etortzen, baizik eta "niri hau pasa zitzaidan. Nik badaukat bizilagun bat hori pasa zitzaiona"... Nolabait, bat-batean konturatu balira bezala fenomeno hori egon dela beti, eta beti erdi isilik, lotsarekin edota gordeta bizi izan den zerbait izan dela. "Madrilera joan da. Han egin du bere bizia. Ez dakigu ongi zer pasa den beraiekin". Guretako polita da hitzaldi horien bidez hain gordea egon den fenomeno bat itzaletik argira ekartzea.
"Prozesu pertsonala da, bakoitzak bere erabakia hartzen du, modu kontzienteago batean edo egoerak behartuta"
Zer dakarkio sexilioak migratu duenari?
M. Kasu askotan lasaitasuna eta bakea izanen da, askatasun, anonimotasun hori. Horiek dira aipatzen diren ezaugarri batzuk. Eta askok herritik penaz alde egiten dute, sustraiak han dituztelako. Testigantzetako baten kasua hori da, ondoren nolabaiteko herrimina sentitu zuen. Baina horrek ez du esan nahi kanpora joateak ez dionik eman lasaitasun hori, inork ezagutuko ez duen leku batean egote hori, zerotik hasteko sentsazio hori, bere burua hasieratik den bezala ezagutzera emateko modu hori...
J. Geroz eta eskubide gehiago ditugu garen hori libreki agertzeko munduaren aurrean. Baina hori ere ez da gauza berri bat. Hau da, segur aski transak beti egon dira. Beste kontu bat da beraien buruari baimena eman dioten diren hori izan ahal izateko. Herri txikietan, euskal landa eremuan eta euskaraz bizi direnak, garenak, aukera hori izan dugu? Ez da bakarrik orientazio edo genero kontu bat. Azkenean norberak bere buruari nahi duen hori izateko aukera ematean datza. Horretarako, leku seguru bat non topatzen du? Segur aski hetereoarauak markatzen duen bidean gizonezko txuri heterosexual batek nahiko erraz lor dezake edozein ingurunetan leku seguru hori, berarendako bizitzeko erraza izanen dena. Baina, ziurrenik, ez bitarra den pertsonarendako ez du hain erraza izanen 700 biztanleko herri txiki batean, Euskal Herrian. Gero eta aukera gehiago daudela esaten ari gara, gero eta izendapen gehiago daude. Eta eskerrak hala den. Baina oraindik ere zer hausnartu handia dugu, zeren denok uste dugu errespetatzen badakigula eta eta parekoa onartzen badakigula. Baina, gero Ordiziako alkateari bere etxerako bidegorrian pintada egiten diote. Kontua izan behar dugu. Gaur egun, oraindik, gai horiek plazaratu behar dira, jende aurrean agertu behar dira. Eskubideak egintzat eta onartutzat ematen ditugu maiz, baina ez da beti horrela. Amerikako Estatu Batuetara begiratzea besterik ez dago, ikusteko aurrera bi pauso eman orduko, beste bi atzera egiten ditugula. Han transek sekulako egoera gogorra bizi dute, eta presidenteak dio pertsona ez bitarrak ez direla existitzen. Hain urrun joan gabe, hemen inguruan ere kontu handia izan behar dugu, eskubideak behin lortuagatik ez direlako betiko lotuta gelditzen. Etengabeko borroka batean segitu behar dugu. Halakoei bere lekua, bere ikusgarritasuna eman behar zaie, jendea pixka bat ukitu kontzientzia bat hartzeko, non gauden eta orain bide zenbat pauso ditugun eman beharrak jakiteko.
Halako migrazio bat duen herriari zer gelditzen zaio?
M. Berez badagoen heteroaraua inoiz baino finkatuago gelditzen da, sendotu egiten da. Herriari berari mugak jartzen dizkio. Espazio hori segurua da soilik gutxi batzuendako. Bertakoak joateak eragiten du leku edo armairu itxi horretara ere kanpotik jendea ez sartzea. Horretan ere eragina izaten dezake.
"Heteroaraua inoiz baino finkatuago gelditzen da sexilioa dagoen herrietan"
Sexilioa ikusten da?
J. Googlen sexilioa jarriz gero, definizioa opatzea ez da hain erraza. Gordea egon den fenomeno hori, existitu izanagatik ere, beti apuru harekin bizi izan dugu. Orokorrean LGTBIQ+ kolektiboko parte garen guztioi gertatu zaion gauza da: beti izan gara, baina ez dakit zenbat ikusi gaituzten. Orain bagara eta ikusiak izan nahi dugu garen horregatik, ez bertze batzuek gurekiko duten perspektibatik, edo guregatik dauzkaten espektatibengatik. Sexilioa horren adierazle bat gehiago da. Geroz eta bizigarriagoak dira Euskal Herriko landa eremuko herri txikiak, geroz eta abegikorragoak dira, geroz eta errazagoa da edozer motatako familia ereduak topatzea. Baina, oraindik ere, poliki-poliki, leku hori konkistatzen ari gara. Herri euskaldun bizigarriak errebindikatzen ditugu, LGTBIQ+ kolektiboko kideak parte izanen garenak.
Sexilioak badu generorik?
J. Ez dut uste esklusiboki gizon eta emakumeen edo pertsona ez bitarren kontu bat denik. Azkenean, bere burua bere herrian seguru sentitu ez duen edozeinek nolabait pentsatu duela: "martxa eginen dute hemendik. Banoa nire herritik". Edozeinek bizi duen kontu bat da.
M. Ez nintzateke ausartuko esatera sexilioak genero bat duenik. Aipatu dugun definizio horretan faktore garrantzitsuenetako bat generoa da. Genero adierazpena lotua dago dudarik gabe. Hortik esatera sexilioak genero bat edo besteak daukan, ez dugu halako daturik. Argi dagoena da komunitate zabal honetan, denei eragiten diela modu batera edo bestera.
J. Hitzaldian sexu balioaz hizketatzeaz aparte, oinarrizko lau kontzeptu azaltzen ditugu: sexu generoa, sexu biologikoa, sexu orientazioa eta sexua adierazpena. Ustez oinarrizko kontzeptuak, denok dakizkigunak. Baina jendeak eskertzen digu azaltzea zer den gauza bakoitza. Zeren oraindik batzuek ez dute desberdintzen zer den sexu biologikoa eta zer den generoa. Alegia, pertsona bat sortzen da mundura genital batzuekin, baina horrek ez du esan nahi genital horiei lotutako genero bat duenik. Generoa eraikuntza sozial bat da, inguruak, gizarteak, familiak erabakitzen du eta, ondoren, zuk zerorrek erabakitzen duzu zu zer zaren. Zu zakilarekin sortzeak ez du esanahi gizona zarenik, izan zaitezke, edo ez. Hori ere azaltzen dugu hitzaldietan.
"Herri euskaldun bizigarriak erreibindikatzen ditugu, LGTBIQ+ kolektiboko kide parte izanen garenak"
Sexilioak badu adinik?
M. Ez. Proiektu honen dokumentazio lanean aztertu diren testigantzetan patroi batzuk ematen ahal daitezke: 18 urte inguru horretan ikasketak egitera kanpora joaten denaren bizipen pertsonalak daude. Ez du adinik. Belaunaldi helduagoetako jendea asko dago oraindik ere kanpoan dagoena, eta horiek ere sexilioa bizi izan dute eta bizitzen ari dira.
J. Guretako garrantzitsua da hitzaldian mezu positibo bat transmititzea: gaur egun Euskal Herrian posible dela herri txiki batean bizi eta genero disidente bat izan. Hau da, heterosexualak ez garenok ere badugu aukera gaur egun Euskal Herrian euskaraz bizitzeko. Bide horretatik egiten ditugu gure hitzaldi guztiak. Hala ere, egia da utopia baten barreneko zer zerbait dela zenbait kasutan oraindik hori, oraindik kostatzen dela. Baina oraindik ere, heteroaraua zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta errazago onartzen dute pertsona horiek. Baina zer gertatzen da pertsona bat ez bitarra baldin bada, guraso ez bada eta eta nahi baldin badu, esaterako, Arruazun bizi. Bere tokia opatuko luke? Hori defendatzen eta bilatzen dugu: gaur egun edozein genero, identitate, familia eredu, edozer egin nahi duzula ere, landa eremuan lekua izan behar duela.
Zer da Xerka?
M. Orain arte hitz egin dugunaz ari den hitzaldi eta argazki proiektu bat da. Euskal Landa eremuko bost pertsona disidenteren testigantzetan oinarrituta dago. Haien argazkiak eta lekukotasunak ikusi eta irakur daitezke argazki erakusketan. Eta, bestetik, hitzaldietan lekukotasun horiek helduleku gisa hartzen ditugu, orain atera diren gai potolo batzuez hizketatzeko: heteroaraua, generoa, armairua, biolentzia egoera, diskriminazioak... Hori dena, betiere, Euskal Landa eremura, Euskal Herriko herri txikietara ekarrita.
Argazki erakusketa hitzaldiarekin laguntzen duzue.
J. Hitzaldian erakusketako bost protagonisten testigantzekin azaltzen dugu sexilioa zer den, adin eta genero desberdinetan, Euskal Herriko hainbat lekutan nola errepikatzen diren zenbait sentsazio eta mugimendu. Gainera herriko LGTBIQ+ kolektiboko pertsona bat gonbidatzen dugu bere testigantza ematera. Altsasun, esaterako, Ainize Ibargutxi Iparragirre izan zen bere esperientzia kontatzen. Bera lesbiana da eta Altsasun bi emakume lesbianaren familian bizitzea nolakoa den azaldu zuen.
Zerk egiten du ezinbesteko Xerka erakusketara eta hitzaldira joateak?
M. Herrietan hain beharrezkoa den espazio seguru bat sortzen da, ideiak plazaratzeko, beste egoera batzuk aditzeko, ulertzeko, edozer gauza ikasteko eta elkarren babes hori sentitzeko. Herrietako jende horri ahotsa ematen diegu. Hori entzuteak halako indar edo kemen bat eman diezaioke beste norbaiti bere testigantza edo inguruko norbaiten egoera argitara emateko, norbere barruan zerbait sentitzeko, zerbait pizteko. Sexilioa denoi eragiten digun kontu bat da.
J. Giro goxoa sortzen da, publikoak parte hartu izan du galderak eginez, bere historia partekatuz. Haien eta gure arteko solasaldiak sortu dira. Hitzaldi parte hartzailea da. Guretako ere aberasgarria da hori, herri bakoitzean zerbait ikasten baitugu. Bihotza ukitzen duen hitzaldia da. Gehiago edo gutxiago, denok dugunez inguruan LGTBIQ+ kolektiboko norbait, gai horiek denok ukitzen gaituela.