Altsasuko CBASK Saskibaloi Klubeko emakumeen lehen senior mailako Xabi Gorriz Tattoos taldea zoriontzeko moduan dago. Duela hiru urte ahalegin handiz sortu zen taldea ligako hirugarren sailkatu da, Lauko Final ikusgarria jokatu eta gero. Pozarren daude, baina helburua "taldeak irautea, neskendako erreferentea izaten jarrai dezan" dela oso argi dute Edurne Ormazabal kapitainak, Eneko Casteig entrenatzaileetako batek eta Ainhoa Calleiras jokalariak.
Denboraldia gorabeheratsua izan da zuendako. Ongi hasi zineten, baina bigarren fasean bolada kaxkarra izan zenuten. Hala ere, buelta eman eta final laurdenetarako sailkatu zineten, eta ondoren Lauko Finalerako.
Eneko: Bai, hala da. Aurreko bi denboralditan beste entrenatzaile bat izan zuen taldeak, eta aurten gu sartu ginen, Aimar Azpiroz, Iker Claver eta ni neroni, eta taldea ezagutzea eta taldea egitea kostatu zitzaigun.
Ainhoa: Irailean oraindik ez genuen entrenatzailerik. Gure kabuz hasi behar ginen lanean, eta, sorpresaz, guri laguntzeko sartu ziren entrenatzaile. Eta, azkenean, hara! Entrenatzaile onak dira, espero genuena baino hobe.
En.: Nik, egia esan, ez nuen berriz entrenatzen hasteko asmorik, baina senior mailako nesken talde bat ateratzea asko kostatu zen, eta Altsasun nesken senior talde bat izatea oso garrantzitsua da. Beraz, ahalegina egin beharra zegoen.
A.: 15 urte genituela talderik gabe geratu ginen, jubenilen mailako taldea adinagatik bukatu zenetik. Lau jokalari airean geratu ginen, talderik gabe, eta urtero galdetzen genuen CBASK-en, ea seniorren taldea ateratzeko aukera legokeen. Duela hiru denboraldi taldea ateratzea lortu genuenera arte.
Bitartean ez zenuten beste talderen batean jokatu?
Edurne: Jokatzen jarraitu nahi nuenez, Iruñera jo nuen. Navarro Villoslada taldean aritu nintzen DBH 3. edo 4. mailatik Erizaintzako gradua bukatu arte. Baina Altsasuko taldea atera behar zutela jakin nuenean, etxera bueltatu nintzen, zalantzarik gabe.
En.: Hauek izan ziren gure argudioak Nafarroako Saskibaloi Federazioari Final Fourra edo Lauko Finala Altsasun jokatzea eskatu genionean. Oso garrantzitsua da Sakanan emakumezkoen kirola bulkatzea eta ikustaraztea, eta neska gazteek erreferenteak izatea, herrian emakumeen partida garrantzitsuak jokatzen ikustea. Eta finala Iruñetik ateratzeko, badirudielako Iruñetik kanpo saskibaloia ez dela existitzen. Klasifikazioarengatik Larraonari egoitza aukeratzea zegokion, baina tarteka salbuespenak egiten dira, talde bat lehenengoz Lauko Finalera sailkatzen denean, esaterako. Tamalez, federaziotik ez ziguten kasu askorik egin.
A.: Eta hori da gure kasua, CBASK-eko talde bat lehenengoz sailkatu baitzen Lauko Finala jokatzeko.
Buelta gaitezen liga hasierara. Ongi hasi zineten lehen fasean, baina gero bolada txarra izan zenuten bigarren fasean. Zorionez, buelta eman zenioten.
En.: Dinamikan sartzea kosta zitzaigun, baina lehen fasea oso ongi bukatu genuen. Partida asko irabazi genituen jarraian, oso ondo jokatzen, konfiantza handiarekin. Baina bigarren fasearen hasieran astebeteko geldialdiak, Santa Agedak... ez zigun gehiegi lagundu, eta hilabete txarra pasa genuen. Gainera, bola handitzen joan zen.
A.: Horrela ezin genuela jarraitu esan genuenera arte.
En.: Denak garaiz egin zuen eztanda, modu egoki batean, eta buelta eman genion.
Ed.: Bileran erabaki genuen txipa aldatu behar genuela, jarrera aldatu. Ez baikenuen disfrutatzen.
En.: Jendeak kriston ahaleginak egiten ditu taldea aurrera ateratzeko. Gasteiztik entrenatzera datorren jendea, lan txandak aldatzen dituena... Eta jarrera aldaketak final laurdenetako azken partidan funtzionatu zuen, San Ignacioren kontrakoan.
San Ignacio talde oso ona da; hura irabazita sailkatu zineten Lauko Finalerako.
A.: Oso talde indartsua da, potentea. Joaneko partidan ez genuen irabaztea lortu, baina partidari buelta eman genion. Beraiek baino 24 puntu beherago geunden partida bukatzeko 3 minutura, eta, azkenean, soilik 5 punturen aldearengatik galdu genuen. Nahiz eta galdu, beraiek baino garaileago atera ginen.
Ed.: Partida hori mentalki guk irabazi genuen.
En.: Hor eman genion buelta. "Dakigun bezala jokatzen badugu, hau gurea da" pentsatu genuen. Itzulerako partidan, bagenekien nondik joan zezakeen partidak, non egin genezakeen mina, eta dena ongi joan zen. Itzulerakoa 11 puntuko aldearekin gainditu genien sekulako partida jokatuta, eta gu sailkatu ginen Lauko Finalera.
A.: Ongi jokatzen dugunean, oso onak gara, San Ignacio bezala.
En.: Gure taldeak talentu handia du. Batzuetan talentu hori ateratzea kosta egiten da, baina ateratzen dugunean edonoren kontra irabaz dezakegu. Hala dela erakutsi dugu.
Lauko Finalera sailkatzea historikoa izan da Altsasuko emakumeen senior taldearendako.
En.: Guk dakigula, azken 20 urte hauetan ez da talderik sailkatu. Oso pozik geunden, ezin sinetsi. Merezi genuen, aurkariek ere hala esan ziguten. Dena borobila atera zen.
A.: Taldea mentalki indartsu zegoelako sailkatu ginen. Gure indargunea daukagun talde harremana da. Iruñeko taldeetan ez dago guk dugun harremana. Asko 7 urte genituela hasi ginen elkarrekin jokatzen, eta ongi ezagutzen dugu elkar.
Ed.: Familia bat bezala gara, saskibalioiko kuadrilla. Iruñean askoz ere baliabide gehiago dituzte taldeek, eta jokalari gehiago, eta hemen dagoenarekin aurrera jo beharra dago. Iruñean lehiakortasun hori dagoenez, agian harremanak ez dira hemen bezain estuak. Hemengo erlazioak osasuntsuagoak dira.
Lauko Finala Larraonan jokatu zen, aurreko asteburuan.
A.: Final Fourra oso lehiakorra izan da, lau taldeak maila paretsuan geundelako.
Ed.: Giro bikaina egon zen, eta jende asko hurbildu zen gu animatzera.
A.: Bai, oso eskertuta gaude gure zaleekin.
Larunbatean Larraona Claret izan zenuten aurkari finalerdietan. Azken uneko saskiratze batengatik galdu zenuten finalerdia, 3 punturengatik (70-67). Ze pena...
A.: Bai, eta hiru puntu zalantzatsurengatik, gainera. Azkeneko segundoko arbitrajea gure ustez ez zen egokia izan. Euren jokalari batek kanpoko marra zapatu zuen, eta orduan hiruko bat sartu ziguten. Zalantzaren aurrean, beti Iruñekoen alde egiten dute. Hori da dagoena.
Ed.: Edonork eraman zezakeen kanporaketa hori.
En.: Ez dugu esango horregatik galdu genuela, guk ere akatsak egin genituelako. 17 puntu behera egotera iritsi ginen, baina 10 minututan partidari buelta eman genion, hori da talde honek duen gaitasun handiena. Ez dugu partida galdutzat ematen; mentalki pauso bat aurrera ematen dugu.
Hurrengo egunean, hirugarren eta laugarren postuko finala jokatu zenuten Lizarrako Ega Oncinedaren kontra. Kasu honetan, zuen aldera erori zen partida, 3 punturengatik baita ere (49-46).
A.: Bai, beste hiruko batengatik.
Ed.: Bagenekien nondik joan zitekeen partida, eta defentsan oso ongi ibili ginen. Euren jokalari onak primeran gainditu genituen eta gurea egin genuen, sufritzen.
Emakumezkoen lehen senior mailan hirugarrenak, taldea sortu zenutenetik hiru urte pasata eta Lauko Finaleko bi kanporaketak 3 puntuko aldearekin erabakita. Hirua da zuen zenbakia.
A.: Bai (kar-kar). Oso pozik gaude. Ez genuen Lauko Finalerako sailkatzea espero, inondik inora. Pentsa, irailean ez genuen entrenatzailerik... Eskertuta gaude Enekok, Aimarrek eta Ikerrek faborea egin zigutelako, eta nahiz eta bakoitzak euren lanak eta ikasketak izan, senior taldea aurrera eramateagatik.
"Dugun talentua ateratzen dugunean, edonoren kontra irabaz dezakegu"
Denboraldiko sorpresa izan zarete?
A.: Baietz esan daiteke. Denboraldian zehar ez gara talderik onena izan, gorabeheratsu ibili gara eta partida onak eta kaxkarrak izan ditugu, baina egia da jendeak ez zuela gure kontra jokatu nahi, eta zerbaitengatik izango da hori.
Ed.: Esan daiteke sorpresa eman genuela Final Fourrera sailkatzerakoan, ligako bigarrena, San Ignacio, irabazita, agian talderik potenteena zelako. Baina partida bikaina jokatu genuen, eta Final Fourra merezitakoa izan zen.
Nork irabazi zuen final handia, eta ligako titulua?
Ed.: Navasket SF´Old-ek irabazi zion Larraonari, 3 punturengatik. Lauko Finaleko partida guztiak 3 punturen aldearekin erabaki ziren. Niri Navasket talde onena iruditzen zait, saskibaloi politena jokatzen duena. Oso talde landua da, saskibaloi bikaina jokatzen dutena, eta denek ematen dute zerbait. Ez dute jokalari batekiko menpekotasuna.
Hirugarrenek zein sari jaso zenuten?
A.: Kopa eman ziguten, Lezea tabernan dagoena, eta jokalari bakoitzarendako domina bana. Edurne gure kapitainari beste kopa bat eman zioten, Lauko Finaleko bost jokalari onenen artean aukeratu zutelako. Larraonaren kontra 30 puntu egin zituen.
Lauko Finalarekin historia egin duzue CBASK-en, baina zuen helburua, beste edozeren gainetik, seniorren taldea mantentzea da.
A.: Bai, argi eta garbi, klubeko neska txikiek gu erreferente moduan izaten jarraitzeko. Nesken senior talde bat izatea, helduagoak direnean bertan jokatzeko aukera izan dezaten. Bestela, kadete mailatik gorako neskak salduta geratuko lirateke, talderik gabe, gure junior taldea adin kontuengatik bukatu zenetik ez delako junior talderik egon. Senior taldea mantentzea oso zaila da, taldekide askok kanpoan ikasten dutelako eta entrenatzera etortzeko ahalegin handia egin behar izaten dutelako.
Ed.: Aurki bilera egingo dugu, baina datorren urtean nesken senior taldea ateratzeko asmotan gabiltza. Jokalariez gain, zailena entrenatzaileak bilatzea da.
En.: Hemen garenak gara, eta badakigu gure artean moldatu beharko dugula kluba aurrera ateratzeko. Talde nagusietako jokalariak edo jokalari ohiak dira entrenatzaileak gehienetan. Helburu garrantzitsuena taldeak aurrera egitea da. Gero, disfrutatzen eta ahalik eta lan onena egiten saiatzen gara. Nesken taldea aterako da.
Zuek bere garaian ez zenuten klubean erreferenterik izan. Egun, txikienen erreferente sentitzen zarete?
A.: Bai. Gure partidak ikustera etortzen dira. Nesken talde bat entrenatzen dut, eta euren aspirazioa senior taldera igotzea da, eta urteroko kezka, ea taldeak segituko duen.
Ed.: Guri txikitan falta zitzaigun eredu horretan bihurtu gara. Oso garrantzitsua da, eta taldea denboran mantentzea da gure erronka, atzetik datozen neskek jokatzeko aukera izan dezaten.