Mendia

Hiru Mendi Zerrak, Hiru Haitz eta San Adrianera

Maider Betelu Ganboa 2025ko mai. 20a, 10:00

Mendizaleak Bakaikuko hornidura gunerantz, Hiru Haitzetik jaitsi eta gero.

Guztira 201 mendizalek hartu zuten parte Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako XVI. Hiru Mendi Zerrak mendi martxan. Ibilbidea goitik behera aldatu zuten, Bakaikuko Hiru Haitz eta Lizarragako San Adrianeraino

Aurretik 234 mendizale zeuden izena emanda, baina maiatzaren 10ean 201 abiatu ziren Altsasuko Mendigoizaleak klubak prestatutako XVI. Hiru Mendi Zerrak mendi martxan. Tamalez, euria izan zuten bidaide ia eremu gehienean. Ibilbidea berria zen. "Batetik, aldaketa bat bilatzen genuen, eta, bestetik, bailara egin nahi dugu, Sakana ezagutarazi, ibilaldira datozenak gure harana ezagutzeko" azaldu du Jesus Guineak. 

Horrela, Altsasutik Urdiainera jo, eta Santa Marinan aurrera eginez, Hiru Haitz, Baiza, Lizarragako San Adrian eta Lizarragako Portura iritsi zen Ibilaldi Luzea, Bakaikura jaitsi eta Izkibiletik Bernoa eta Intxusburu lotu, eta Sorozarretatik Altsasura heltzeko. Ibilbide Motza Hiru Haitzetara heltzen zen, eta Izkibiletik Sarabeko haitzara heldu eta Urdiaingo igerilekuetatik jotzen zuen Altsasura. 

"Jendeari aldaketa gustatu zaio, hori zioten. Baina lainoagatik ez ziren Beriain eta San Adriango bista ikusgarriak ikusten, eta pena hori zuten". Altsasuko Mendigoizaleak "oso eskertuta" daude bakaikuarrekin. "Erraztasun eta laguntza guztia eman digute". Baita mendizaleekin ere. "Denak eskerrak ematen. Gu egon beharko ginateke eskertuta" nabarmendu du Guineak. Guztia ongi atera zen, eta balorazioa ona da. Mendizaleek antolakuntzari nota "oso ona" jarri zioten eta Bakaikuko hornidura guneko haragi gisatua "mundiala" zegoela nabarmendu zuten.

Erlazionatuak