Atletismoa

Dantzalekuk III. Sakana Atletismo Egunera animatu du

Guaixe 2025eko maiatzaren 16a

2024/2025 denboraldiko Dantzaleku Sakana atletismo eskola. DANTZALEKU

Maiatzaren 17an, larunbata, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak Ate Irekien Eguna antolatu du atletismo elkarteak, Dantzalekun.

Ikasturte bukaera gerturatzen ari da, eta datorren denboraldirako Altsasuko kirol eskoletan izena emateko epea zabalik dago, tartean Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolan. Neska-mutikoei atletismoan zer lantzen den erakusteko Ate Irekien Eguna edo III. Sakana Atletismo Klubak, Dantzalekun. 

Goiz hasiko da Ate Irekien Eguna, maiatzaren 17an, larunbata, 10:00etan, eta 13:00ak arte luzatuko da. "Dantzaleku Atletismo Eskolan lantzen duguna erakutsiko dugu, eta probatzeko aukera izango da: krossa, luzera jauzia, hesi-lasterketa, erreleboak... eta jaurtiketak: vortexa, xabalina, pisua..." azaldu du Dantzaleku Sakanako monitore Aitor Mendozak. Haur eta gazte sakandarrak bihar Dantzalekura hurbiltzera animatu ditu, "atletismoa gertutik ezagutzeko". 

10:00etatik 10:45era kross lasterketak prestatu dituzte Dantzalekuko zirkuituan, 10:45etik 11:15era hamaiketakoa hartuko dute, eta 11:15etik 12:45era jaurtiketak (Vortex, diskoa, pisua), altuera jauziak, hesiak, erreleboak eta luzera jauziak landuko dituzte. Bukatzeko, 12:45etik 13:00ak arte ekitaldi amaiera izango da, oroigarrien banaketa. 

Pistako txapelketan, ongi
Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolakoak Nafarroako Pista Txapelketa finaletan lehiatzen ari dira, eta hala segiko dute hilabete honetan barna. Asteburuan Burlatan eta Larrabiden aritu ziren sakandarrak, oso txukun. "Oso gustura dabiltza, eta emaitza onak lortu dituzte. Esaterako, 12 urtez azpiko 500 m martxan lehen postua lortu genuen, eta 10 urtez azpiko 4x50 m erreleboetan Dantzalekuko taldea hirugarren izan zen. Denetariko probetan ari dira lehiatzen: altuera, luzera jauzia, hesi lasterketak, erreleboak, martxa...". 

Kadeteak eta jubenilak gustura aritu ziren, Larrabiden. 300m, 400 m eta 1.000 metrotan parte hartu zuten, eta bosgarren eta zazpigarren postuen artean sailkatu ziren. Asteburuan proba gehiago dituzte jokoan, eta ekainaren 1ean taldekako finalak jokatuko dira.