LABeko Sunsundeguiko ordezkariek eta sindikatuko Sakanako arduradunak prentsaurrekoa eskaini dute. Jakinarazi dutenez, likidazio fasean dagoen Sunsundeguiko langileak oraindik ere enpresan alta emanda daude. Haien lan-kontratu bukatzeko espedienteari dagokion kontsulta epea apirilaren 30ean despeditu zen. Epaile batek kaleratzeak baimendu, langabezia prestazioa eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren zorra (Fogasa) kobratzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu arte hala segituko dute.
Fogasak urteko 20 eguneko legezko gutxieneko kalte-ordaina ordainduko du. Volvorekin dagoen akordioak lantegian geratzen diren autobusak bukatu nahi dira, kitapena eta ordaintzeko dauden soldatak ordaindu ahal izateko. Apirilaren 30etik langileak kobratu gabe daude, zorra sortzen eta erabateko ziurgabetasun egoeran.
Enpresaren likidazioaren hurrengo fasean argituko dira zein izan diren Sunsundeguiren itxieraren arrazoiak. LABen iritziz, "Sunsundeguiren itxiera ez da ustegabekoa izan. Itxieraren atzean arduradunak daude". Jose Ignacio Murillo Garraldaren aurreko zuzendaritzak kudeaketa txarra egin zuela gaztigatu dute. LABen iritziz, Volvo multinazionalak ere ardura du. "Sunsundeguik txasi batzuk karrozatu ditu, eta ondoren saldu egin dira. Txasien irabaziak Volvok jaso ditu eta Sunsundeguik karrozeriaren gastuak bere gain hartu ditu". Egoera horren aurrean ez dela inolako kontrol publikorik egon salatu dute LABeko kideek.
Horregatik, LABek Sunsundeguiko konkurtsoko administrazioari exijitu dio "hori guztia zehatz-mehatz ikertu dezala eta ardurak eska ditzala. Gure ustez konkurtso hau erruduna da". Hau da, LABen uste dute jokabide txarragatik sortu dela Sunsundeguiren egoera eta horregatik ardurak eska daitezkeela.
Izan ere, LABko kideen iritziz, "hori ezin da horrela geratu, errudunak eta erantzuleak bilatu behar dira, publikoak zein pribatuak. Sunsundeguin gertatutakotik ikasi behar da berriro gerta gauza bera gerta ez dadin". Azaldu dutenez, "sektore publikoak zeregin aktiboa izan behar du lanpostuen defentsan, eta ezin ditu besoak jaitsi, Sunsundeguin egin den bezala". LABekoen iritziz, "irudimena eta konpromisoa falta izan dira; aurre egin behar diogun trantsizio industrialak ausardia behar du, eta ezin dugu gure industriaren etorkizuna utzi Dumarayk bezala beren interesak bakarrik lehenesten dituzten inbertitzaileen gain".
Etorkizunaz
Sunsundeguiren itxierak, Altsasun eta Sakanan izanen dituen inpaktua baloratzeko goiz bada ere, LABeko ordezkariak gizarte segurantzako datuei erreparatu diete eta ondorioztatu dutenez, "Sunsundeguiren itxierak langabezia tasa aurreko krisialdiaren pare jarriko luke". %20 hain zuzen ere, gaur egun %7,7koa da. "Datuek Sunsundegui ixtearen ondorioak larrialdi egoera batera garamatzala erakusten digute. Zuzeneko 338 lanposturen galeraz hitz egin dugu, baina ez dugu hitz egin galdu daitezkeen zeharkako lanpostuez edo tokiko merkataritzan izan dezakeen eraginaz".
Inpaktua desberdina izanen dela ere aurreikusi dute sindikatu abertzalean: "jende askok Altsasutik kanpo lan egiten du gaur egun. Baina, aurrera begira, horren arriskua da Altsasu logela herri bihurtzea". Horregatik, LABek exijitu du "Sunsundegui itxi ondoren, Nafarroako Gobernuari, tokiko erakundeei eta patronalari Altsasuko berrindustrializazioaren aldeko apustua egin dezaten, plan zehatz bat, finantzazioa eta gauzatzeko epeak dituena".