Sunsundeguiren itxiera kalean salatuko dute

Guaixe 2025ko mai. 16a, 12:45

Sunsundeguiko atetik manifestazioan parte hartzeko gonbidapena egin zuten.

Maiatzaren 24an, larunbata, Sunsundeguiko langileen egoera salatzeko manifestazioa deitu dute, Sakanako Laneko Autodfentsa Sareak, Kontseilu Sozialistak eta Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak. 

Sunsundeguieren itxiera "mingarria" 6 hilabetez luzatu da eta 340 kaleratze baino gehiago  eta lantegi hornitzaileetan beste 200 lanpostu daude arriskuan utzi dituela adierazi dute Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak, Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak eta Kontseilu Sozialistak. Duela bi urteko iragarpena gogora ekarri zuten, Sunsundegui 700 langile izatera iritsiko zela. "akordioaren berri emateko agerraldia egin zuten Chivite Nafarroako lehendakariak, Murillo Sunsundeguiko zuzendari gerenteak, Volvo autobusetako lehendakariak eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak. Gaur, aldiz, horiek guztiak isilik daude, ez dira hemendik ageri, kaleratuok izan garen langileok baizik".  

Gaineratu zutenez, "Murillo eta zuzendaritzak, esaterako, egin duten enpresaren kudeaketa tamalgarriaren ondorioz euren urteetako irabaziak txikitzen ikusi bezain pronto, ez dute zalantzarik egin ihes egin eta ehunka langile familia kalean uzteko. Hori bai, eurek kalte ordain dirutsuak kobratu dituzte, gureak, ordea, kolokan daude". Aldi berean, Sunsundeguiren egoeraren "erantzule zuzena" ere Nafarroako Gobernua egin dute: "enpresa itxierara eraman duen zuzendaritza izendatu eta diru publikoko milioika euro batere kontrolik gabe eman izanagatik. Hau da, diru publikoa enpresarien poltsikoak puztera bideratu dute, eta langileon lan baldintzak okertu dituzte, azkenean kalean bukatzeraino".

Prentsaurrekoan adierazi zutenez, "Sunsundegui eta eskualdean itxi diren gainontzeko lantegiek Sakanako langileon egoera txarra islatzen dute. Horren aurrean, Sakanako langileondako etorkizuna soilik langileon borrokatik etorriko da eta horretarako behar beharrezkoa da batu eta gure bizi eta lan baldintzen alde borrokatzea". Egoera salatzeko maiatzaren 24an, larunbatarekin, 18:00etan, Altsasuko Foru enparantzatik abiatuko den manifestazioa deitu dute, Sunsundeguiko 340 kaleratzeen aurrean, batu borrokara. Enpresariak eta instituzioak errudun. Etorkizuna Sakanako langileriarentzat lelopean.

Erlazionatuak