Altsasuko Udalarendako LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira

Guaixe 2025ko mai. 20a, 11:29

Ortzadar bandera Altsasuko herriko etxean. ARTXIBOA

LGTBI+ eskubideak bermatu eta sustatzeko eta Altsasu udalerri anitzagoa eta berdinzaleagoa bilakatzeko lan eginen duela adierazi du.

Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zion 1990ean. Horregatik, LGTBI+ fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna izan zen larunbatean, maiatzaren 17an. Hori dela eta, Altsasuko Udalak erakunde adierazpena onartu zuen. Udalak jakinarazi duenez, "erabat arbuiatzen du LGTBI+fobia dakarren edozein adierazpen, eta berresten du LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzeko, sustatzeko eta bermatzeko duen konpromisoa".

LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira udalarendako eta horrela "babestu eta defendatu" behar direla dio. Altsasuko Udalak "diskriminazio eta indarkeria adierazpen oro gaitzesten du, eta, ahal duen neurrian eta dituen baliabideak aintzat hartuta, LGTBI+ arloko politika publikoak egiteko konpromisoa berretsi du

Onartutako adierazpenean Altsasuko Udalak aitortu egiten du "azken hamarkadetan, aurrerapen handiak egin dira LGTBI+ eskubideen arloan". Nabarmendu du LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten zenbait lege onartu direla, bai Nafarroan, bai Estatuan, eta horrekin batera gizartean zenbait aldaketa izan direla. "Hori guztia, erakundeek eta kolektiboek batera egindako lanari eta konpromisoari esker izan da. Azken horiei aitortu eta eskertu behar zaie lan nekaezina egin dutela", azpimarratu du udalak.

Hala ere, Altsasuko Udalak kezka azaldu du gorroto delituen hazkundeagatik. "Gero eta zabalduago eta normalizatuago daude diskurtso antifeministak eta LGTBI+fobikoak, erdietsitako aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituztenak". Horregatik adierazi du "egungo testuingurura erronka handia" dela.