Emakumezkoen preferente mailako ligako irabazleak, Altsasu taldeak, hitzordu garrantzitsua zuen maiatzaren 17an Dantzalekun. Emakumeen lurraldeko kopako final laurdena zuen jokoan Altsasuk, Tudelanoren kontra, 18:00etan, baina ustekabeko albiste batek guztia hankaz gora jarri zuen. Jokalari baten aita goizean zendu zen, bihotzekoak jota, eta talde gorritxoak ez zuen animorik izan final laurdenarekin aurrera egiteko, eta bertan behera geratu zen partida. Hala, Tudelanok egin du aurrera finalerdietara.
Altsasu Kirol Elkarteko jokalariak makina bat futbol taldeetatik doluminak jaso ditu. Altsasu klubak ere doluminak helarazi zizkion familiari eta minutuko isilunea gorde zen zendutakoaren alde. Halaber, klubak taldeaz “oso harro” dagoela nabarmendu zuen.