Arabako aldiriko tren zerbitzu berria maiatzaren 30ean, ostiralarekin, abiaraziko dute. Miranda Ebro eta Altsasu arteko ibilbidea eginen du eta bide horretan bederatzi geltokietan geldituko da bidaiariak hartu edo uztera: Miranda Ebro, Manzanos, Argantzon, Iruña Oka, Dulantzi, Agurain, Araia eta Altsasun. Zerbitzu berriak astean 137 bidaia eginen ditu astean eta Altsasun tren geltokia izanen du abiapuntu eta helmuga. Renferen orain arteko tren erregionala ere zerbitzua eskaintzen segituko du, astean 35 bidaia, baina kasu horretan trenak geralekuan geldituko dira.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailak jarri du zerbitzu hori martxan, eta, horretarako, aurten lau milioi euroko inbertsioa egin du. Nahiz eta inbertsioaren %100a Euskal Autonomia Erkidegoarena den, trena abiapuntua eta helmuga Euskaditik kanpo izanen ditu. Sailetik GUAIXEri azaldu diotenez, "Nafarroako Gobernuarekin harremanetan egon gara Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuaren diseinua partekatzeko". Trenak etorkizunean Olatzagutian edo Ziordian gelditzeko aukeraz galdetuta, Mugikortasun Jasangarriko Sailetik azaldu dutenez, "zerbitzua martxan jarri eta hilabete batzuk igaro ondoren, egoera, datuak eta Arabako udalerrien hausnarketak jasoko ditugu. Aldaketarik egin behar bada, orduan erabakiko dugu. Betiere kontuan izan behar da azpiegitura (geltokiak eta trenbidea) Adifen esku dagoela eta Eusko Jaurlaritzak soilik Aldirietako zerbitzuaren eskumena jaso duela".
Ordutegiak 
