Euskal Autonomia Erkidegoko Y-aren eta Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) korridorearen lotura zehazteko zundaketa kanpaina iragarri zela bi urte pasa dira dagoeneko. Hala gogorarazi du Stop AHT Zundaketak dinamikak, gaineratuz "zundaketak AHTaren obren izatezko hasiera" direla. Dinamika AHTren kontrako hainbat eragilek sortu zuten eta azken hilabeteetan Itza, Lautada, Goierri eta Sakanako herri mugimenduko beste eragileetara zabaldu dute.
AHT gauzatu nahian jarraitzen dutela ikusita, "erantzun zabal, anitz eta ozena emateko beharra" ikusi du dinamikak. Mobilizatzera deitu dute maiatzaren 31n, larunbata, 12:30ean, Altsasuko udaletxe parean. Bilkurak ez Gasteiztik, ez Ezkiotik. AHTrik ez! leloa izanen du. "Senti dezatela AHTren alde dagoen Sakanako udal bakarrean, Altsasuko Udalean, jarrera horrekiko samina eta AHTrik gabeko ibar bizien aldeko herri borondate sendoa".
Aldi berean, AHTren kontrako atxikimendu kanpaina martxan dute. Besteak beste, honakoek eman dute izena: Orritz dantza taldeak, Sakana Harrera Haranak, Lakuntza, Arbizu, Etxarri, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko gazte asanbladek.
Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan egindako zundaketa saiakerak gogoan, dinamikakoek esan dute "ilegalak edo legalak izan, jakina da ez dutela zilegitasunik, gezurrak zabaltzen jarraitzen dute, nahasmena eta toxikazio kanpaina bultzatuz, herritarrak eta udalak kriminalizatuz".
Arkeologia
Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak Vianako Printzea Erakundeak, ebazpen bat bidali du hainbat udaletara. Han jakinarazten da Espainiako Gobernuak zehaztutako bi ibilbide proiektuek ukitzen dituzten lurretan arkeologia azterketa eginen dutela. "Zuzendaritzak Nafarroako arkeologia guneen kartografia bat egina du. AHTren balizko ibilbideetan ondasunak dauden aztertuko dute, mapan jasoa dagoena lurrean den", azaldu dute dinamikatik. Udalei ez diete eperik eman. Azaldu dietenez, "oinez joan eta bertatik bertara ikusiko dute. Berez ez dute lurra mugituko eta, beraz, ez dute baimenik behar".
Gobernuak bi ibilbide proiektu ditu esku artean, baina hirugarren bat jarri dute mahai gainean, Altsasu ingurutik Ezkiorantz joko lukeena. "Kultura zuzendaritzari aukera horren inguruko proiekturik baden galdetuko diogu. Guk dakigula ibilbide horren trazadura ez baita oraindik egin". Dinamikako kideen iritziz, "arkeologia azterketa horiek aurpegi zuriketa hutsa dira, argi gelditu baita nola suntsitu dituzten urte luze hauetan hainbat arkeologia aztarnategi, besteak beste, Tafallako Castellum-aren desitxuraketa".