Ane Beltran de Heredia, Nafarroako txapelduna

Maider Betelu Ganboa 2025eko maiatzaren 26a

Ane Beltran de Heredia, Nafarroako txapeldunaren maillot gorriarekin. UTZITAKOA

Tafallan jokatutako Nafarroako kadeteen eta juniorren Txapelketan Ane Beltran de Heredia lehen nafarra izan zen, junior mailako txapelduna, eta Enara Perez kadeteen mailako txapeldunordea

Maiatzaren 18an Emakumezkoen VIII. Tafalles Trofeoa jokatu zen Tafallan, aldi berean Nafarroako kadeteen eta juniorren Txapelketa izan zena. Txirrindulariek 80 km gorabeheratsu izan zituzten aurretik, eta lasterketa mugitua izan zen, asko baitzegoen jokoan.

Tafallako helmugan azkarrena Zu-k Limousin taldeko Maier Olano juniorra izan zen, helmugara bakarrik iritsita (2:17:40). Lehen nafarra, Ane Beltran de Heredia junior mailako txirrindulari altsasuarra (Timac Agro-Ermitagaña) izan zen, sailkapen orokorrean seigarren (2:18:48), baina junior mailako Nafarroako txapelduna. Altsasuarrak lan isila baina eraginkorra egin du, eta denboraldi ederra ontzen ari da, bere denboraldiko lehen garaipenarekin eta Nafarroako maillot gorriarekin borobildu duena.

Enara Perez, txapeldunordea
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Enara Perez kadete olaztiarrak (Timac Agro Ermitagaña) sekulako lasterketa egin zuen eta sailkapen orokorrean 20. postuan sailkatu zen (2:19:52), kadete mailako Nafarroako txapeldunordea. 

Ane Berastegi junior arbizuarra (Beratxa) 25. sailkatu zen (2:20:06), Nafarroako juniorren txapelketan hirugarren. Eider Mazkiaran kadete altsasuarra (Zu-k/Limousin) 51. sailkatu zen (2:22:22), Siets Goikoetxea junior urdiaindarra (Beratxa) 61. (2:24:43), eta, azkenik, Amara Arrieta kadete uhartearra (Beratxa) 69. (2:25:50).