Dantza lehiaketen denboraldia amaitu da. Martxoaren 22an, Burgosko Orben, parte hartu zuten Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako taldeek lehenengo txapelketan, eta maiatzaren 11n, Iruñea Hiriko Dantza Moderno eta Urbanoko Txapelketan egin zuten azkena. Guztira, sei taldek parte hartu dute txapelketetan, eta sei sari irabazi dituzte, gehienak Burgosko txapelketan. Eszenatoki handi batean eta goi mailako dantzari profesionalek osatzen duten epaimahaiaren aurrean dantzatzea da sari handiena, irakasleen esanetan.
Berpiztu, Haizaia bikotea, Maitesua, Oihuarima eta Sua taldeek parte hartu zuten Burgosen izandako Orbe dantza txapelketan, eta bostek saria irabazi zuten: Berpiztuk jazz estiloko aurre profesional absolutuko zilarrezko saria irabazi zuen; Haizaiak jazz estiloko absolutuan Orbe lehenengo postua; Maitesuak jazz estiloko youth aurre profesionaleko Orbe hirugarren saria; Oihuarimak garaikideko aurre profesional absolutuko Orbe bigarren saria, eta Suak garaikideko youth kategoriako urrezko saria.
Burgoskoaren ondoren apirilaren 5ean Huescan izandako Vaslav Nijinsky Dantza Lehiaketan Maitesua taldeak parte hartu zuen, eta Barakaldon apirilaren 13an egindako Euskadiko Danza Moderno eta Urbanoko Nazionalean Berpiztuk, Maitesuak, Oihuarimak eta Propulsionek parte hartu zuten; maiatzaren 11n, Iruñean lehenengo aldiz egindako Iruñea Hiriko Danza Moderno eta Urbanoko txapelketan errepikatu zuten, eta bertan ere Haizaia bikoteak eta Suak parte hartu zuten. Iruñean Oihuarimak dantza modernoko absolutuan hirugarren izan zen.
Dantzariak
Taldeetan 15 eta 50 urte inguruko dantzariek parte hartzen dute; Oihuarimak 17 eta 24 urte bitarteko sei kide ditu (tartean bi mutil), Sua 15 eta 18 urte bitarteko hamahiru kidek osatzen dute, Maitesua 17 urteko zazpi dantzarik eta Berpiztu taldean 17 eta 28 urte bitarteko hamabost kide daude. Haizaia Nahiak eta Haizeak osatzen dute, 18 eta 19 urtekoak, eta Propulsion Altsasuko eskolako garaikideko helduen taldea da, 37 urte eta 50 urte bitarteko kideek osatzen dutena.
Dantza Eskola ekainaren 14an talde txikiek eginen duten Vaiana eta ekainaren 21ean nagusien taldeek eginen duten Ttakun ttakun jaialdiak prestatzen ari da.