Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako ikasleek emanaldia eman zuten maiatzaren 17an, larunbata, Iortia zabalgunean. Bertan musika instrumentu eta dantza ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsi zuten. Lakuntzako musika eskolako ikasleak ere ikasitakoa erakusten ari dira, eta, besteak beste, maiatzaren 29an, 17:30ean, musika eskolan, gitarra kontzertua izanen da, maiatzaren 30ean, 19:00etan, Sorginak tabernaren aurrean, bateria emanaldia eta ekainaren 5ean, 18:00etan, Lakuntzako kultur etxean, tronpeta kontzertua izanen da. Irurtzunen ere maiatzaren 25ean Barazkigunen, Kantu zaharra kantu berriak kontzertua eman zuten musika eskolako txistu ikasleek; Muskitz, Ihabar, Oskotz eta Eraso herrietako kantu eta dantzak interpretatuko dituzte. Bestetik, ekainaren 1ean, igandea, Etxarri Aranazko dantzari txiki eguna ospatuko dute.
Euskal dantzak
Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako euskal dantza eskolako ikasleek bi emanaldi emanen dituzte maiatzaren 30ean bata eta ekainaren 6an bigarrena. Maiatzaren 30ean, ostirala, 19:00etan, Iortia kultur gunean, sei eta hamalau urte bitarteko dantzariek parte hartuko dute, eta ikasturtean zehar ikasitako dantzak erakutsiko dituzte. Emanaldiak bi zati izanen ditu: lehenengoan, euskal dantza tradizionalak eginen dituzte, eta, bigarrenean, koreografia berriak interpretatuko dituzte.
Ekainaren 6an, 19:00etan, Iortia kultur gunean, Lanabesak ofiziotik dantzara... ikuskizuna eginen dute Altsasuko euskal dantza eskolako dantzariek. Euskal Herriko XX. mende hasierako edozein herritan girotutako ikuskizuna izanen da eta egunerokotasuneko bizitza erakutsiko du; bai festak bizitzeko modua bai ogibideak eta lana. Ogibide bakoitza lan tresna batekin islatuta egonen da, folklorean oso presente egon diren tresnak.
Iñaki Agirre euskal dantza eskolako irakaslea da ikuskizunaren zuzendari artistikoa. Koreografiak Agirrerenak eta Aiert Beobiderenak dira, eta gidoia Elixabate Nosellas eta Jagoba Astiazena da.