Iñaki Mujika

"Titan Desert bukatuta, gauza handia egin dugula konturatu gara"

Maider Betelu Ganboa 2025eko maiatzaren 28a

Iñaki Mujika, duna bat gainditzen, Guttmann taldeko laguntzaileekin. GUTTMANN

Iñaki Mujika altsasuarrak eta Pablo Montoia atarrabiarrak Titan Desert Morocco basamortuko lasterketa osatu dute handbike-an, historian lehenengoz, Institut Guttmann taldearekin

Iñaki Mujika Izagirre altsasuarrak balentria itzela lortu du: Titan Desert Morocco basamortuko lasterketa handbike-an egitea. 2021ean moto-kross istripua izan zuenetik gurpildun aulkian dago, baina Badalonako Institut Guttmann-en ebakuntza eta errehabilitazioa egin bezain laster hasi zen erronka berriekin. Handbike-a sekulako aurkikuntza izan zen berarendako, –"probatu bezain pronto sentitu nuen nire kirola zela"–, eta ordutik bi Behobia-Donostia, makina bat lasterketa, eta Titan Desert Morocco etorri dira.

Nola sortu zen Titan Desert Morocco lasterketara joateko ideia?
Proiektu hau orain dela sei-zazpi hilabete proposatu zidaten Institut Guttmann-en. Institut Guttmann-ek aurten 60 urte egiten ditu, eta Titan Desert lasterketak 20 urte, eta testuinguru horretan Institut Guttmannen bertan errehabilitazioa egin dugun lau pertsonarekin bertan parte hartzea otu zitzaien, bost laguntzailerekin. 

Institut Guttmann Bartzelonako neuroerrehabilitazio ospitalea da, oso ezaguna eta prestigiotsua. Istripua izan zenuenean, bertan egin zizkizuten ebakuntzak eta errehabilitazioa. 
Bai. Hain zuzen ere, niri ebakuntza egin zidan Alex del Arco traumatologoak eta bizkarrezurreko zirujanoak proposatu zidan Titanen parte hartzea, eta baiezkoa erantzun nion. Institut Guttmannetik lau kirolarik parte hartu dugu: Atarrabiako Pablo Montoia eta biok, paraplegiko gisa, handbike-arekin, eta burmuineko lesioa izan zuten Jose Antonio Bugarinek eta Cristian Casalsek, bizikletan. Gainontzeko lau kideak laguntzaileak ziren, Guttmaneko langileak: Alex del Arco medikua, Jesus Benito mediku neuroerrehabilitatzailea, Alfonso Rubio erizaintzako laguntzailea eta Miguel Sarrio eta Roger Rifa fisioterapeutak.

Zuen aurretik norbaitek Titan Desert handbike-an egin al du?
Ez. Aurretik probatu zutela esan ziguten, baina ez zutela proba bukatu. 

Izan ere, erronka gogorra da Titan Desert. Aurten maiatzaren 1etik 6ra jokatu zen, Marokoko Atlas mendiaren inguruan eta basamortuan. 550 km baino gehiago, 4.000 metroko desnibel +, eta basamortuaren gogortasuna.
Egia esan, lasterketa gogorra da, baina guretako gogorrena eguneroko bizitza izan zen, kanpamendukoa. Titanekoa kanpamendu nomada zen; basamortu erdian kokatzen zuten, eta harea eta harriak zeudenez, gurpildun aulkiarekin mugitzeko nahiko zaila zen. Dutxatzeko eta komunera joateko ere laguntza behar izaten genuen. Niretako, hori izan zen gogorrena, egunerokoa. 

Zuen handbike-ak egokitu behar izan zenituzten?
Handbike-a eta gurpildun aulkia basamorturako egokitu genituen. Handbike-ari aurreko gurpilak handiagoak jarri genizkion, abiadura eta autonomia pixka bat irabazteko, eta aurrean eslinga jarri genion, soka pare bat pasatzeko, dunak igo ahal izateko. Gurpildun aulkiari gurpil zabalagoak eta aurrean bosgarren gurpil bat jarri genizkion, harri artean eta hondarrean errazago mugitzeko.

Titan Desert ez da ohiko lasterketa, markatutako ibilbidearekin. Etapa bakoitzeko irteera eta helmuga ematen dizkizuete, eta tartean pasatu beharreko puntu batzuk, baina gainontzekoa nahi duzuen tokitik egin dezakezue. Nabigazio proba da, bizikleten abentura raida.
Bai. Etapa bakoitzak nabigazio puntu finko batzuk badauzka, hiruzpalau, eta etapa hasi baino egun bat lehenago esaten dizkizute. Lasterketaren egunean bertan, etapa horretako "puntu sekretua" pasatzen dizute, nahi eta nahi ez pasa beharreko gunea. Beraz, orientazio nozio batzuk izan behar dira. GPS-a derrigorrezkoa da, lokalizatuta egoteko. 

"Zintzoki? Ez nuen Titan bukatzea espero. Pablori argi esan nion: "% 95 ez dugula bukatzen, nik gutxienez". Mekanika aldetik eta fisiko aldetik oso zaila ikusten nuen"

Gainontzekoen ibilbide berbera egin duzue, edo moldatutakoa?
Ibilbide berbera. Lehenengo etapa, Merzougakoa (91 km) zaila egin zitzaigun, dunak zeudelako. Huts egiten duzun kontrol puntu bakoitzeko 5 orduko penalizazioa jartzen dizute, eta aurretik hitz eginda genuen dunak ekiditeko agian punturen batetik ez ginela pasako, baina antolakuntzatik esan ziguten puntu guztiak bai hala bai pasatu behar genituela. Beraz, duna guztiak pasa behar izan genituen, eta nahiko gogorra izan zen. Antolakuntzakoek esaten ziguten ezingo ginela dunetatik pasa, aurretik jende gehiagok probatu zuela eta ezinezkoa zela. Azkeneko duna igo genuenean mundu guztia guri txaloka ikustea oso hunkigarria izan zen. 

Aurretik basamortuan egona zinen, Rally Dakarren, Club Aventura Touareg taldeko mekanikari gisa.
Mekanikari gisa nire lana zen ibilgailuz puntu batetik bestera heltzea, eta hurrengo eguneko goizeko seietarako motor guztiak martxan egotea. Parte hartzaile gisa presio gehiago duzu, helmugara iritsi behar duzulako. 

Titan Desertek paisaia oso ezberdinak hartzen ditu. Dunak eta hareazko eremuak, harriz betetako pistak, laku lehorrak... Zein eremu egin zitzaizun gogorrena?
Kilometro asko egin ditugu eta paisaia ezberdinetatik ibili gara. Lehenengo egunean eta azkenean dunetan ibili ginen, hirugarren eguna mendiko etapa izan zen, eta gainontzekoetan pistetan edo bideetan ibili ginen. Niretako etapa gogorrena laugarrena izan zen, Tazlarten hasi eta Tafroukhten despeditu zena (104 km). Berez, etapa erraza zen, ez zuelako desnibel handirik (554 m), baina 50. km-ra arte harri pila zeuden, eta 60. km-ko hidratazio gunea pasata sekulako haizea hasi zen, kontra, eta beroa. Zaila izan zen. 

Tenperatura altuak izan dituzue?
Laugarren eguna eta gero, beroa nahiko eramangarria izan zen, ez zen munduko beste ezer izan. Egunean bero gehiago egitea eta gauetan askoz ere gehiago freskatzea espero nuen. Tenperaturak nahiko atseginak izan ziren. 

Titan Desertek badu etapa berezi bat, maratoia. Gau horretan ez zenuten ohiko kanpamendurik ez asistentziarik. Nola moldatu zineten?
Titan Desertek badu etapa bukaeran fisioterapeuta eta mekanika zerbitzuak hartzeko aukera. Kanpamendura iritsi, handbike-a mekanikarien esku uzten genuen, eta fisiorako ordua hartu. Profesionalak bezala (kar-kar). Jantokia genuen, gure haima, –bizpahiru pertsonendako zen–, gure lo zakuarekin eta koltxoi batekin. Baina etapa maratoian ez zegoen ez fisiorik, ez mekanikorik, ez koltxoirik. Hortaz, etapa horretan gainean eraman behar genuen hurrengo eguneko arropa, elikagaiak, zakua, estera eta norberaren gauzak. Basamortu erdian egin genuen lo, denok elkarrekin, zerua ikusten. Esperientzia ederra izan zen, egun politena. 

Nola da basamortua?
Niretako, itsasoa bezala. Basamortuan egon nintzen bigarren aldian, Club Aventura Touaregekin, motorrean duna batera igo nintzen eta bistekin flipatuta geratu nintzen, basamortua itsasoa bezalakoa zelako. Alde guztietara begiratuta, dena dunak ikusten ziren, dena harea. Oso paisaia polita da, benetan. 

"Basamortua, niretako, itsasoa bezala da. Alde guztietara begiratuta, dena dunak ikusten ziren, dena harea. Oso paisaia polita da, benetan"

Gorputzak nola erantzun zuen? 
Espero nuena baino askoz hobeki. Lehenengo eguna, dunena, oso gogorra izan zen. Gorputza oraindik ohitu gabe, sufritu nuen. Bigarrenean pistoia jaitsi nuen; sei egun ziren, eta indarrak dosifikatzea hobeki zela pentsatu nuen. Eta azken egunera indarrez iritsi nintzen, topera. 

Hidratazioa eta elikadura ongi zaintzea ezinbestekoa omen da.
Bai, oso. Lasterketan 30 kilometrotik behin kontrol puntuak eta hidratazio puntuak zeuden, eta apartekoa, norberak bere kabuz egiten zuen, norberak bere gorputza ongi ezagutzen duelako. 

Montoia taldekidea aurretik ezagutzen al zenuen?
Elkarrekin egon ginen Guttmann-en, eta harreman ona dugu. Txakurra eta katua bezala ibiltzen gara. Handbike-an aritzen garenez, piña egin dugu. 

Titan Desert bukatzea espero al zenuen?
Zintzoki? Ez. Pablori argi esan nion: "% 95 ez dugula bukatzen, nik gutxienez”. Mekanika aldetik eta fisiko aldetik oso zaila ikusten nuen. 

Zer gertatu zen ongi ateratzeko?
Ez dakit. Sekulako zortea izan dugu, eta nafarrak izaki... burugogorrak izan gara, baita ere. 

Ezinezkoa zela esaten zizueten, baina Titan Desert handbike-an egin duzuen lehenak izan zarete. Zer sentitu zenuten helmugaratzean?
Sekulako sentsazioa: egindako lanak merezi izan zuela sentitu genuen. Eta, guztiaren gainetik, ez dagoela ezinezkorik. Nahiz eta besteek esan ezinezkoa dela, edo oso zaila dela, gauzak egiten saiatu beharra dago. Bakoitzak jartzen ditu bere helmugak, eta norberak badaki nora ailegatu daitekeen. Hau guretako sorpresa izan da baita ere, gehienbat gure egoera berean dagoen jendeari gauzak egin daitezkeela erakusteko. Horretarako, ez da Titanera joan behar, baina badago jendea ez dena ausartzen etxetik ateratzera edo kirolik egitera. Bi pertsona arruntek Titan Deserten parte hartu eta proba bukatu daitekeela ikusita, ea jende hori animatzen den bizimodu normalarekin jarraitzera. 

"Helmugan sekulako sentsazioa genuen: egindako lanak merezi izan zuela sentitu genuen. Eta, guztiaren gainetik, ez dagoela ezinezkorik"

Egunotan Institut Guttmann-en zaude, aurretik programatutako interbentzio bat egiten. Zer diote zuekin Titanen parte hartu dutenek?
Oso pozik daude guztiak. Mundu guztia hurbiltzen zaigu zoriontzera eta eskua ematera.

Institut Guttmanneko zuzendarietako bat, Montserrat Bernabeu medikua, eminentzia izateaz gain, Barcelonako Pique jokalari ohiaren ama da. Helmugan zuen zain zegoen.
Nik Guttmannetik ezagutzen nuen. "Montse Bernabeu, la jefa" esaten zioten, baina ez nekien Piqueren ama zela (kar-kar). Helmugan bi zuzendariak egon ziren, Montse Bernabeu eta Montse Caldes.

Titan Desertena zer nolako esperientzia izan da?
Lehenengo unetik sekulako esperientzia izan zen. Oraindik lurra ezin hartu nabil. Proba bukatzea ez nuenez espero, bukatzerakoan ezin nuen sinistu ere egin. Gauean Titana bukatzen nuela amestu nuen, eta jaikitzerakoan pentsatu nuen: "egia da, bukatu dut, hau ez da amets bat".  

Momenturen batean proba uztea pasa zitzaizun burutik?
Momentu gogorrak izan genituen, baina ez. Laugarren eguna zaila izan zen, buruko mina eta bota-gura nuenez gaizki egon nintzelako. Azken egunean gure laguntzaileetako bat gastroenteritisarekin gaizki pasa zuen. 

Zure gorputzak nola bukatu zuen?
Nahiko ongi. Titan despedituta lagun bati deitu nion kontatzeko, eta esan zidan larunbat horretan, maiatzak 10, Mirandako lasterketa batean ariko zela. Niri ere apuntatzeko esan nion, ongi sentitzen nintzela. Etxera bueltatuta, Mirandako 95 km-ko lasterketan gaizki pasa nuen; Titan baino askoz ere okerragoa izan zen. Larunbat arratsaldetik astelehenera arte ohean egon nintzen.

Mekanikariendako desafio latza izango zen handbike-ak ongi doitzea.
Handbike-ak nahiko berriak dira, ez dira oso ezagunak eta mekanika aldetik oso bereziak dira. Batetik beldur ginen, mekanikariak moldatuko ote ziren, baina makina hutsak ziren, oso profesionalak eta jatorrak. Oso ongi zaindu gintuzten. 

Komunikabide askotan atera zarete; aurki, famatuak izango zarete.
(Kar-kar) Ez genuen pentsatzen horrenbesterako izango zenik. 

Titan Desertek izen handia du, eta handbike-an lehenengoak izatea, albiste handia da, meritu ikaragarria.
Hasieran ez genuen halakorik pentsatzen, baina bukatu eta gero konturatu gara gauza handia egin dugula. 

Hemendik aurrera, zer? 
Nik ibiltzeko moduko kart-a dut etxean, eta asmoa da kart-a ongi prestatzea eta entrenatzen hastea, irailean Frantzia aldean lasterketa bat dagoelako eta bertan aritzeko. Ez dakit fundamentuzko zerbait egiteko denbora izango dudan, baina handbike-arekin jarraitzeaz gain, kart-arekin pixka bat nire mundua berreskuratu nahi dut, motorrarena.