Areto futbola

Nafarroako kopak Altsasun erabakiko dira

Maider Betelu Ganboa 2025eko maiatzaren 22a

Altsasu eta Arbizuko kapitainak. ALTSASU K.E.

Zelandik Nafarroako hiru kopa final hartuko ditu maiatzaren 24an. Emakumezkoen seniorrean Orvina eta Mendialdea B-k jokatuko dute finala, gizonezkoen autonomikoan Altsasuk eta Arbizuk, eta hirugarren mailan Kirol Sportek eta Gaztek

Altsasu Kirol Elkartean mugimendu handiko egunak dira hauek, maiatzaren 24an, larunbata, Nafarroako areto futboleko hiru kopako final Zelandi kiroldegian jokatuko direlako eta guztia behar bezala antolatzen ari direlako. "Gure taldea kopan aurrera zioala ikusita, finalak Altsasun jokatzeko eskaria egin genuen Nafarroako Futbol Federazioan, eta onartu digute. Oso pozik gaude, hiru finaletako bat guk jokatuko dugula kontuan hartuta, are gehiago" azaldu du Altsasu taldeko Goyo Rodriguez Marquez jokalariak.  

Autonomikoko kopa, Sakanan
Lehena emakumezkoen senor mailako kopako finala izango da. 17:00etan hasiko da, eta Orvina A taldeak eta Berriozarko Mendialdea B-k jokatuko dute, denboraldiko talde onenetakoak. 

Hura bukatuta, gizonezkoen maila autonomikoko finalaren txanda izango da, 18:30ean. Final sakandarra izango da, maila autonomikoko ligako txapeldunak, Altsasuk, eta txapeldunordeak, Arbizu Kirol Taldeak jokatuko dutelako. Beraz, finalean zer gerta, kopa Sakanan geldituko da. Bi taldeek harreman handia dute, eta lehia eta pike oso sanoa. "Elkarri laguntzen diogun taldeak gara, anaitutako klubak. Beraz, ligan gertatu zen bezala, Nafarroako kopa Sakanan geratuko da, eta hori da garrantzitsuena. Hori esanda, jakina, guk irabaztea nahi dugu, liga bezala kopa Altsasun geratzea. Partidako minutuetan kopa irabazteko dena emango dugu, baina galduz gero Arbizuk kopa irabazteagatik poztuko ginateke. Harreman oso ona dugu" nabarmendu du Goyo Rodriguezek. 

Zelandin erabakiko den hirugarren eta azken kopa gizonezkoen hirugarren mailakoa izango da. Partida 20:00etan hasiko da, eta Orkoiengo Kirol Sportek eta Antsoaingo Gazte Berriakek jokatuko dute. 

Beraz, goi mailako areto futbolaz gozatzeko aukera izango da. Zaleei Zelandira hurbiltzeko deia egin die Altsasu Kirol Elkarteak, taldeak animatzeko.