Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, etxeko surako egur lotea eskatu nahi dutenek 948 012 012 telefono zenbakira hots egin behar dute. Familia unitate bakoitzeko eskaera bakarra onartuko du udalak. Aurten, ordea, aldaketa nabarmena dago egur loteen kudeaketan. Orain arte altsasuarrak ziren zuhaitzak mozteaz arduratzen direnak. Aurten, estreinakoz, etxeko egurraren loteetako enborrak enpresa batek moztu, atera eta lekuz aldatuko ditu. Udalak jakinarazi duenez, gehienez 50 egur sorta egongo dira, enbor osoak izango dira, eta lote bakoitzak 6 tona inguru izanen ditu.
Etxerako egur loteak Marmolazpiko pistaren oinean edo lotearen eskatzaileak eskabidean adierazitako lekuan entregatuko dira. Azken kasu horretan, eskabidean nahitaez adierazi beharko da entrega-puntuaren partzela-zenbakia, poligonoa eta parajea.
Lotearen prezioa 20 eurokoa da. Kopuru horri gehitu behar zaio mozketa, erauzketa eta lekualdaketaren fakturaren zati proportzionala, beti ere jasotako tona kopuruaren araberakoa izanen dena. Prezioa eskabidean adierazten den kontu-zenbakian kargatuko da. Aurten, enpresa esleipendunak eskainiko duen prezioa 45,10 euro tonako da (BEZa barne). Lotea ematean tonak, data eta jasotzen duenaren adostasuna jasoko dira, sinaduraren bidez. Tonen datuak enpresaren faktura hainbanatzeko balioko du.
Loteak baino eskaera gehiago egonez gero bakarrik egingo da zozketa eskatzaileen artean. Udalak adierazi duenez, eguraldi onak laguntzen badu, entregatzeko epea garilaren 15raino izango da. Lotea entregatu ondoren, udalak ez du bere gain hartuko lapurretarik.
Etxerako egur lotea sistema horrekin eskuratu nahi ez duten altsasuarrek eroritako zuhaitzak eskatzeko aukera izanen dute. Horretarako udaletxean instantzia bat aurkeztu beharko dute.
Baldintzak
Etxerako egur lotea eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira. Batetik, adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea. Bestetik, biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunarekin. Horrekin batera, Altsasun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea. Gainera, beharrezkoa da Altsasuko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea. Egur loteen kudeaketa arautzen duen ordenantza ez betetzeagatik aprobetxamendu eskubidea galdu dutenek ezin izanen dute eskaerarik egin. Eta, azkenik, ezin izanen dute loterik eskatu aurten eroritako zuhaitzak eskuratu dituztenak.