Sunsundeguiren itxiera salatu dute

Guaixe 2025eko maiatzaren 27a

Manifestazioak Altsasuko kaleetan barna zabaldu zituen aldarriak.

Aldi berean, Sakanako langile klasearen etorkizunaren aldeko borrokara deitu zuten manifestariek. Langile antolakuntza aldarrikatu zuten. 

Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak, Kontseilu Sozialista Sakanak eta Lan Autodefentsa Sareak deituta, Sunsundeguiko itxieraren aurrean, langileok batu borrokara leloa zuen manifestazioa egin zuten larunbat. Deitzaileek adierazi zutenez, "itxiera horren ondorioz, egoera gero eta okerragoa da. Kaleratutako pertsonen bizi-baldintzei eragiteaz aparte, denona okertuko da. Sakanako langile klasearendako etorkizun baten alde borrokatu behar dugu”. Nabarmendu zutenez, “ezin gara enpresaburuen plan estrategikoen albo kalte bihurtu, eta agerikoa da gure etorkizuna ez dela erakundeen eta politikarien irtenbideetatik etorriko. Langileok batu eta gure interesen alde antolatuta bakarrik lortuko dugu", esaten zuten.

Gaineratu zutenez, Sunsundeguiko 340 kaleratze inguruez aparte "200 lanpostu gehiago daude arriskuan enpresa hornitzaileetan". Manifestazioaren deitzaileen iritziz, "Murilloren eta zuzendaritzaren kudeaketa txarragatik” dago enpresa egoera horretan. “Izan ere, irabazien urteak desagertzen ari zirela ikusi zutenean, ez zuten ihes egiteko zalantzarik izan eta ehunka familia langile kalean utzi zituzten. Hori bai, haiek kalte-ordain handiak jaso dituzte, eta guri apurrak baino ez dizkigute utzi". Bestalde, Nafarroako Gobernua ere erantzukizunaren arduradun egin zuten, "zuzendaritza hori izendatu eta diru publikotik milioika euro emateagatik, inolako kontrolik gabe".

Bestalde, manifestazioaren deitzaileek nabarmendu zutenez, kontratuak aldi baterako eteteko enplegu-erregulazioko espedienteak plantillari kalte egin dio. "Sei hilabetez luzatu da eta langileongan ondorio latzak utzi ditu. Hurrengo egunetan gertatuko zenaren gaineko ezjakintasunak etengabeko ezinegonean mantendu gaitu. Langabeziaren prestazioa xurgatu digute, enpresa bati lotuta eduki gaituzten, eta, azkenean, enpresa itxi egin dute. Gainera, aldi baterako lan-erregulazioa instituzioen tresna bat izan da langileen borroka oztopatzeko, langileon erantzuna eta antolakuntza zaildu duena", azpimarratu zuten. Deitzaileak egoera zailean edo itxi duten enpresetako langileak ere gogoan izan zituzten.