Nafarroako Enplegu Zerbitzuko, Nafar Lansare, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko, SEPE, ordezkariak eta Sunsundeguiko enpresa batzordea Altsasuko enplegu bulegoan bildu ziren maiatzaren 26an. Bi erakundeek kaleratutako langileei erraztasunak eman nahi zizkietela adierazi zuten. Hala, Sunsundeguiko langile ohiek eman beharreko pausoei buruzko informazioa jaso dute.
Aurten sortutako 12 opor egunak maiatzaren 28an bukatu zitzaizkien Sunsundeguiko langileei. Ordutik langabezian daude. Langabezia prestazioa eskuratzeko bi tramite egin beharko dituzte, bata Nafar Lansaren eta bestea SEPEn. Bi erakundeek Altsasuko Enplegu Bulegoan dute egoitza. Nafar Lansaren enplegu eskatzaile gisa izena eman beharko dute eta Jarduera Akordioa sinatu beharko dute. Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute. SEPEn, berriz, prestazio edo dirulaguntza eskaera aurkeztu beharko dute. Sunsundeguiko langile ohiak gaur egun 320 direnez, SEPEk ezohiko erabakia hartu du: garagarrilaren 9an, 10ean eta 11n bakar-bakarrik pertsona horiek hartuko ditu, eta ez dute aldez aurretik hitzordurik eskatu beharko. Eskaera orria betea eta dagokion dokumentazioa aurkezterakoan SEPEko langileek datuak ongi daudela ziurtatu eta oinarrizko informazioa besterik ez dute emanen. Informazio pertsonalizatuagoa eta zehatzagoa nahi dutenek Nafarroako Prestazio Bulegoetara jo beharko dute.
Jakina, Sunsundeguin lan egin zuten baina Sakana edo Nafarroatik kanpo bizi ez diren langile ohiak dagokien enplegu bulegora jo beharko dute. Haiek bai, txanda eskatu beharko dute.
Bi bide
Nafar Lasare eta SEPEko ordezkariek Sunsundeguiko enpresa batzordeko kideei adierazi zieten bi bide jorratuko dituztela. Alde batetik, orientazio eta birkokatzeko plana. Interesa duten langile ohiekin talde bat sortuko lukete eta prestakuntza plana prestatuko liekete. Horretarako, aurrena, eskatzaileen egoeraren azterketa egin eta enplegurako ibilbide pertsonalizatua eginen liokete, tailerrak eskaini. Prestakuntza Altsasun edo Burlatako Iturrondo Prestakuntza Zentroan izan daitezke. Ibilbide horretan laguntza, aholkularitza eta banakako tratua eskainiko litzaiekeela adierazi zieten.
Beste aldetik, bai Nafar Lansareko bai SEPEko ordezkariek esan zutenez, Sakanako Enpresen Elkartearekin harremanetan jarriko dira ibarreko enpresek dituzten kontratazio premiak identifikatu eta dokumentatzeko. Horren ondoren enpresekin harremanetan jarriko dira zer kontratazio aukera dauden jakiteko. Eta, azkenik, baleude, lan eskaintza horiek kudeatuko lituzkete.