Bukatuta Dantzalekuko igerilekuko lanak

Guaixe 2025eko ekainaren 3a

Zabaldu bitartean hainbat lan daude egiteko: belarra moztu, igerilekuak garbitu eta bete...

Igerileku ertaina eta konpentsazio ontziak berritu dira. Udalak eta Altsasu Kirol Elkartearen arteko lankidetza hitzarmenaren ondorioz aurten taberna zabalik egonen da. Kirol elkartekoek terraza moldatu dute eta futbol zelaian ere lanak egin dituzte

Udako igerileku sasoia garagarrilaren 27an zabalduko du Altsasuko Udalak. Udaberrian konponketa lanak egin dituzte igerileku ertainean, zituen iragazketa arazoak konpontzeko. Haren zeramikazko estalduraren gainean PVC armatuzko estaldura berria jarri da. Bestetik, igerileku handiaren eta txikiaren instalazioaren konpentsazio hodiak ere konpondu dira. Ura barrutik kanpora eta kanpotik barrura sartzen zitzaien. Urak kanpora ihes egitearen ondorioz, igerilekuei ura etengabe sartu behar zitzaien eta, ondorioz, uraren tenperatura hotza zen. Eta ura sartzearen ondorioz, berriz, lohia sartu eta ponpak trabatzen dira. Lanak Construcciones Noveleta S.M. enpresak egin ditu 56.986,08 euroren (BEZik gabe) truke.

Hitzarmena
Aurreko bi urteetako sasoiarekin alderatuta, aurtengo beste berrikuntza da taberna-jatetxea eta haren terraza zabalik egonen dela. Izan ere, udalaren kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Atabo Altsasu SM enpresa publikoak eta Altsasuko Kirol Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Adostutakoaren arabera, Altsasuko Kirol Elkarteak taberna eta terraza zuzenean kudeatuko du bere taldeen entrenamenduak eta lehiaketa ofizialetako partidak dauden urteko hilabeteetan, baita udan ere, igerilekuak irekitzen diren hilabeteetan.


Terraza itxura berria hartzen ari da. 

Lankidetza hitzarmenean jaso denez, udal enpresak Altsasuko Kirol Elkarteari Dantzalekuko futbol zelaiaren, aldagelen, lokalaren eta taberna-jatetxearen erabilera uzten dio. Horrela, zelaiaren erabilera orain arte bezala formalizatu da, udal futbol eskolaren entrenamenduekin, gazteen eta seniorren kategoriekin eta lehiaketa ofizialetako partidekin. Aldagelen erabilera ere sartzen da, bai zelaiko aldagelena, bai igerilekuena.

Elkartetik azaldu dutenez, "neska talde bat arduratuko da tabernaren kudeaketaz eta, horretarako, orain kontratua zehazten ari gara. Udalak jarritako baldintzetako bat da igerilekua zabalik dagoen bitartean egunean zortzi orduz zabalik egon behar duela tabernak". Tabernako terraza ere berritu dute. "Hornitzaile baten bidez jakin genuen Lakuntzako Lagun Artea tabernak terraza kendu behar zuela eta guretako hartu genuen. Uste baino lan gehiago izan zen. Torlojuekin lotuta egonen zelakoan geunden, baina dena soldadura zen. Hura moztu eta kide batzuen kamioan ekarri genuen". Terraza berria kokatzen laguntzeko Oraa garabia enpresaren laguntza izan zuten. "Orain Aritz dena margotzen ari da".

Elkarteko kideak ere futbol zelaiko ateen eta atletismo pistaren artean dauden D itxurako espazioak txukundu zituzten. "Porlana zegoen eta futbol zelai zaharretik kendutako eta soberan zegoen belar artifiziala jarri dugu. Lan horiek denen artean egiten ditugu, lanak eta bestelako konpromisoek tarte bat libre uzten digutenean".


Pista eta futbol zelaiaren artean belar artifiziala jarri dute. 

Bulegoa
Hitzarmenean ere jaso da igerilekuen ondoko eraikinaren lehen solairuan dagoen lokala elkarteari erabiltzen uztea. Lokal hori klubaren bulego izanen da. Elkartetik azaldu dutenez, "oraindik ezin izan dugu lekualdaketarik egin. Fronte gehiegi ditugu. Alde batetik, areto futboleko hiru kopako final hartu genituen Zelandin larunbatean.


Elkarteak goian bulegoa izanen du. 

Bestetik, domekan Erregional mailako gizonezkoen futbol taldeak igoerako kanporaketako joaneko partida jokatzen du Urrotzen. Itzulerakoa Altsasun izanen da. Igoko balitz sekula ikusi gabekoa lortuko genuke, denboraldi bakarrean hiru talde mailaz igoko bailirateke. Aurretik emakumezkoen taldea eta areto futbolekoa 3. mailara igo dira".