"Desira batzuk hartu eta errealitate bihurtu nahi ditugu"

Guaixe 2025eko ekainaren 4a

Santiago Ruiz Londoño, ezkerrean, sariak jasotzen. GAZTERIA ZERBITZUA

Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako 'Gozametraia' film laburren lehiaketan bi sari eskuratu zituen Santiago Ruiz Londoñok, publikoarena eta epaimahaiarena.

Bi film labur aurkeztu ziren lehiaketara. Publikoak haiek ikusi eta botoa emateko aukera izan zuen. Emandako 59 botoetatik %70 Deseo film laburrarendako izan zen. Epaimahai profesionalak ere haren alde egin zuen, beraz, 100 euroko bi sari eskuratu zituen. 

Sari bikoitza jaso zenuen. Zer moduz?
Oso ongi. Parte hartzeagatik egin nuen film laburra. Ez nuen ezer irabazteko asmorik. Erabat harrituta nago. 

Publikoak zure lanaren alde egiteak zer esan nahi du zuretako?
Kuadrillakoekin partekatu nuen eta 10-15 boto lortzea espero nuen, baina hainbeste? Ezin dut sinetsi. 

Eta epaimahaiak zurea aukeratzea?
Epaimahai hori kontuan hartuta, saiatu nintzen profesionalen antzera enkoadratzen, editatzen. Nire film laburra kontu esperimental bat da. Proiektuarekin hasi nintzenean, esperimentalagoa izatea nahi nuen. Ikusleak ikustean zerbait sentitzea nahi nuen, baina entzumenaren bai ikusmenaren bidez. Zerbait desberdina izatea nahi nuen. Bestelako film batzuk bezain landua ez dago, baina ni saiatu nintzen soinu eta irudiekin gauza jakin batzuk iradokitzen. Hori nuen buruan, baina zer egin nezakeen? Zeren txapelketaren helburuen artean zeuden azaltzea zure sexualitatea nola partekatzen duzun, nola gozatzen duzun, sexualitatea nola bizi duzun... Normalean, jendeak zuzenean hitz egiten du sexualitateaz edo mundua nolakoa den. Nik beste modu batera egin behar nuela sentitzen nuen. 

Ospatu duzu?
Ez. Nire kamera hautsi da. Kamera pixka bat profesionala da eta konpondu nahi dut. Kamera nirekin dagoenean ospatuko dut. 

Zu zeu aktorea zara.
Lana aurkezteko datarekin larri ibili nintzen eta, antzezlerik ez nuenez, "ni neu zergatik ez?" pentsatu nuen. 

Aurrera egin zenuen. 
Bai. Baina bi lagunek lagunduko zidatela esan zidaten, eta arratsalde batean kanpoko irudi guztiak grabatu genuen. Etxe barruko irudi batzuk ere badaude. Zeren, bat-batean, film laburra egiteko eta aurkezteko denborarik ez neukan. Irudi guztiak lotzeko ere pentsatu behar. Jendeak desirak dituela pentsatu nuen, ugariak direla desirak. Hori islatzen saiatu nintzen. Eta irudiak modu horretan lotzea otu zitzaidan. 

Irudiekin batera, bost esaldi daude.  
Esaldi bakoitzaren ondoren datorrena haren errepresentazioa izan nahi du. Izenburuaren azpian dauden bost asteriskoak desira bakoitzari egiten dio erreferentzia, eta bost esaldi daude. Lehena da desira abisatu gabe jaiotzen den zerbait da (film laburrean gaztelaniaz). Lagunekin nengoela sortutako esaldia da hori. Hasiera batean desiraren inguruko beste ideia batzuk neuzkan, eta lagunei kontatu nizkien. "Normalean desirak bakarrik etortzen dira", esan zuten. Eta niretako hartu nuen. Nork berea egiten du. Desirak motibatzen zaitu lortu nahi edo ahal duzuna lortzeko.

Beste esaldi bat: partekatzea da existitzeko modurik zintzoena.
Lagunen laguntza ere izan nuen, filmatutako planoengatik eta egin genuen guztiagatik. Sexualitatetik, handik eta hemendik hartu beharra zuen lanak. Guztiak puntu berera joatea nahi nuen. Epaimahaiak uler zezan, azken batean, desira dela sexua, partekatzea, gozatzea, ederki pasatzea... 

Ihes egitea ez da amore ematea, norbera bilatzea baizik. Esaldiaz zer esan dezakezu.  
(apunteak begiratu ditu) Norbera askatzeko desira. 

Film laburreko laugarren esaldia da: gozatzea bularra estutzen digun korapiloa askatzea da.
Lagun batek inspiratu zidan esaldi hori. Rock and roll eta punk kontzertuak izugarri gustatzen zaizkio. Bere bizitza edo arazoen korapiloa askatzeko modua da kontzertuetan gozatzea. 

Agertzen den azken esaldia: desira baten esentzia errealitate bihurtzean datza. 
Esaldi hori azkar-azkar egin nuen. Pentsatu nuen normalean desirak ditugula: zerbait lortzea, helburu bat, lorpenak... bizitzan beti badira halako desirak. Zera gertatzen da: desira batzuk etorri eta joan egiten dira. Baina batzuk hartu eta errealitate bihurtu nahi ditugu, nola edo hala, gu geu ahaleginduz, gure onena emanez. Azken esaldi horrekin esan nahi nuen: desiraren bat baduzu, gogor heldu eta saia zaitez gauzatzen. Dela bidaia bat, dela lorpen bat, dela norbaitekin egotea, dela aitona edo maite duzun beste senideren bat besarkatzea, dela... Desira hori gauzatu, ez egon zain. Zeren etorri bezala alde egin dezake, desira gehienekin gertatzen den bezala.

Gustatzen zaizu horrelako lanak egitea? 
Asko. Arazo bat dut, prokastinatzailea naiz, dena atzeratu egiten dut, gerorako utzi. Gauza zehatz bat egitea asko kostatzen zait. Deabru moduko bat sentitu behar izaten dut: "hau entregatu beharra duzu, orain". Hori sentitzen dudanena lanean jartzen naiz. Presioa sentitu behar dut, bestela ezin dut ezer egin. Ez dakit zergatik. Film labur horren kasuan denbora asko pasa zen, eta hilabete falta zenean, "hau, hura eta bestea pentsatu". Buruan nuena grabatzea pixka bat zaila zen, aktorerik ez nuen, pentsatutakoak gauza handiak ziren eta buruan nuena ezin nuen sortu... "Ez dut ezer. Gainera, denbora gutxi dut. Niri buruzko zerbait sortu beharko dut", pentsatzen nuen.  

Film laburrak zer ibilbide du?
Intxostiapunta gazte gunearen Youtubeko kanalean dago ikusgai.  

Gehiago eginen dituzu?
Bai, gogoa dut. Altsasukoa, jendearena, hemengoa egin nahi dut. Beti ideia asko izaten ditut, baina pixka bat garatzen ditut eta ezetz esaten diot nire buruari, ez zait gustatzen.