Altsasun industrialdea jartzeko azterketa egingo da

Guaixe 2025eko ekainaren 2a

Talde teknikoak udaletxean egin zuen bilera. UTZITAKOA

Kapitansoron jarduera ekonomikoen eremu berri bat jartzeko azterketa bultzatu du Industria Departamentuak.

Iparraldeko Autobia (A-1) eta N-1000 errepidearen artean dago Kapitansoro. Gasolindegi eta tailer batzuk eta Erkudengo ermita daude inguruan. Industria Departamentuak han 500.000 m2 inguruko azalera duen industrialde berri bat jartzeko azterketa bultzatu du. Lau hilabetetan honakoak eginen dituzte: esku hartzearen azterketa ekonomikoa, jarduketa eremua mugatzea eta zehaztea, aplikatzekoa den hirigintza araudia ezartzea eta eskualdean dauden jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren eskaintza eta eskaria ebaluazioa. Beste eremu batzuk ere hartuko dituzte bere baitan, esate baterako, inguruaren geologia eta geoteknika, ingurumenaren gaineko eraginak, mugikortasuna eta kanpoko eta barruko azpiegiturak.

Jarduera ekonomikoen eremu berria jartzeko proiektuaren bideragarritasun azterketa zuzenduko duen talde teknikoa Industria Departamentuak eta Altsasuko Udalak osatzen dute eta Altsasun bilera egin zuten maiatzaren 28an. Gobernuaren aldetik Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusi Iñigo Arruti, Nasuvinsa sozietate publikoko Lurzoru Industrialeko zuzendariorde Carlos Chocarro eta MKR ingenieria & arquitectura, SM enpresako Jose Angel Errok parte hartu zuten. Azken horiek laguntza profesionala emango dute azterlan tekniko eta ekonomikoaren jarraibide nagusiak zehaztu eta garatzeko. Udalaren ordezkaritza Javier Ollo alkateak eta Geroa Baiko hiru zinegotzik eta EH Bilduko batek osatu zuten. Nasuvinsako Chocarrok esan zuenez, "Araba eta Gipuzkoaren arteko enklabe estrategiko horrek oso interesgarria egiten du etorkizunera begira enpresa ehuna erakartzeko".

Gobernutik esan zutenez, bilera "Altsasu eta Sakanako industria suspertzeko mahaiaren barruan kokatzen da, Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua buru dela. Mahai horren estrategiak epe ertain-luzerako ekintza plan bat zehaztu nahi du, ibarreko eragileekin batera industria lurzoruaren, prestakuntzaren, ekintzailetzaren edo nazioartekotze programen beharrak jaso ahal izateko".