Ekainaren 1ean Espinosa de los Monterosko (Burgos) auto istripu gogorrean zendutako Mikel Regil altsasuarraren (20 urte) eta Ibai Hoyos gasteiztarraren (19 urte) heriotzak samina sortu du txirrindularitzaren munduan, joan zen urtera arte biak txirrindulariak izan baitziren. Regil eta Hoyos beste hiru lagunekin batera Cantabriako Hoznayo Rallytik bueltan zetozen, 16:17ak aldera autoa Estacas de Trueba portuko errepidetik atera eta 200 metroko altueratik amildu zenean.
Txirrindularitza mundua jota geratu da. Regil eta Hoyos joan zen urtean taldekideak izan ziren afizionatuen mailako Electroalavesa taldean. Taldetik eta Nafarroako Txirrindularitza Federaziotik euren “doluminik beroenak” eman dizkiete gazteen senitartekoei. Aurretik, Mikel Regil Sakanako bi txirrindularitza klubetan trebatu zen. Bere lehen pedalkadak Burunda taldean eman zituen eta bertan aritu zen ia bere ibilbide osoa, juniorreko bigarren urtean Aralar taldera pasa arte. Ziklo-krosean fina zen, eta makina bat garaipen izan zituen. Tartean, 2021ean Espainiako Ziklo-kros txapeldunordea izan zen kadeteen mailan, eta 2022an junior mailan Nafarroako txapelduna. Bi klubak saminduta daude.
Burundak eta Aralarrek bere irribarrea gogoratu dute
Burunda klubak zabaldutako mezuan jasotzen denez, “Gure dolumina adierazi nahi dugu, Mikel Regil Fernandezen heriotzarengatik. Gurekin, txirrindularitzaz beteriko arratsalde asko eta asko pasa zenituen eta ez dugu sekula zure irribarrea ahaztuko. Besarkada handi bat ere Ibairen familia eta lagunei”.
Aralar Txirrindulari taldeak mezu hunkigarria zabaldu du baita ere. “Min handiz, Aralar txirrindulari taldetik agur esaten diogu gure familiako kide bati: Mikel Regil. Taldekide bat galdu dugu, ibilbide honetan irribarrearekin guztion bihotzak irabazi zituena. Bihotzez eskerrik asko zure adiskidetasun eta esfortzuagatik. Aralar txirrindulari taldeko lagun eta kide guztien izenean, besarkadarik beroena zure familiari, bereziki Aitor Regil aitari eta Eneritz bere arrebari. Goian bego, lagun. Zure gurpilak gurekin biraka jarraituko du”. Bestalde, dolumina eta babesa helarazi diote Ibai Hoyosen senitartekoei eta Arabako Txirrindularitza Federazioari.
Horretaz gain, Nafarroako Txirrindularitza Federazioak, Euskadiko Federazioak, Euskadi Fundazioak, Rural Kutxa taldeak, eta bestelako klub eta taldeek ere euren doluminak helarazi dituzte, baita txirrindulari, teknikari eta bestelakoek ere, bereziki Burunda eta Aralar klubeko taldekideak izan zirenak.
“