Indarkeria matxistaren salaketa egin du Itaiak

Guaixe 2025eko ekainaren 3a

Itaiak deitutako elkarretaratzea. UTZITAKOA

Emakumeen antolakunde sozialistatik adierazi dutenez, "oraindik ere indarkeria matxistak modu gordinean kolpatzen jarraitzen du emakume langileon bizitza". 

Itaiak deituta, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean kontzentrazioa egin zen Altsasuko udaletxe parean larunbatean. Bilkura horrekin Bilbon gizonezko batek 13 urteko neska bat eraili zuela salatu zuten. Gainera, "Sakanako gizon bati 4 urteko espetxe zigorra ezarri diotela argitara atera da, zehazki, bere 9 urteko lehengusina sexualki erasotzeagatik". Itaiako kideek "gure babes osoa helarazi nahiko genieke gertakari lazgarri hauetan inplikaturiko senide eta gertukoei".

Emakumezkoen antolakunde sozialistako kideek adierazi zutenez, "argi izan behar dugu, bi gertakari horiek ez direla kasu isolatuak, baizik eta egiturazkoa den jarrera eta bortizkeria matxistaren parte dira. Gainera, kasu honetan, etxe giroan emandako biolentzia matxistaz ari gara". Eta gogorarazi zuten Euskal Herrian, 2003tik jada 13 ume erail dituela indarkeria matxistak.

Itaiakoek nabarmendu zutenez, "egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke ideia erreakzionario eta misoginoek indarra hartzen ari diren eta matxismoa normalizatzen ari den garaiotan". Ziurtatu zutenez, "emakumeok jasaten dugun indarkeria eta zapalkuntzaren aurrean bi aukera ditugu: matxismoaren konplize izaten jarraitu edo matxismoaren kontra borrokatu". Itaiak indarkeria matxistari aurre egiteko deia egin zuen.