Altsasuko mugimendu feministak atzo egindako bilkuraren ondoren "babes eta elkartasun osoa" adierazi zieten hildako eta zauritutakoen senide, lagun eta gertukoei, eta ez daudela bakarrik gaineratu zuten. "Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude, baina, prest gaude erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzeko. Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean dagokien ardura har dezaten eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki".
Feministek adierazi zutenez, "ez da hilketa isolatu bat. Ez da tragedia puntual bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik. Oraingoan adin txikiko neska baten erailketaz ari gara eta horrek bereziki larria bilakatzen du kasu hau. Zalantzarik ez dugu, biolentzia bikarioa ere indarkeria matxista da". Jendartearen "egitura patriarkala" agerian uzten duen gertakari bat gehiago dela esan dute: "jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxista egiturazkoa da. Bizitzako esparru guztietan gertatzen da. Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edo bi pertsonen artekoa, ezta 'gaixo' batzuen ekintza ere. Sistema patriarkalak emakumeak* eta sexu- genero disidenteak garen pertsonak menpeko mantentzeko moduetako bat baizik".
Mugimendu feministako kideek ere eskaera bat egin zuten: "emakumeok* emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu". Horretaz aparte, egungo "jarrera konplizeak" alboratzea eta "bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela" exijitu zuten. "Gure bizitzak daude jokoan!"
Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egin zuten: "bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak". Ez direla isilduko gaineratu zuten: "erasorik ez erantzunik gabe! Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!"