Afizionatuen mailako Nafarroako Itzuliak bukaeraraino emozioa izan zuen. Protagonistetako bat, lehen egunetik bukaeraraino, Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Finisher) izan zen. Altsasuarra Top5ean ibili zen egunero. Zangozako lehen etapan, hirugarren sailkatu zen eta gazte onenaren maillot txuria jantzi zuen. Tafallako bigarrenean, bigarren izan zen, eta gazteen maillotari nafar onenaren maillot urdina gehitu zion. Hirugarrenean, Itxasperriko etapa nagusian, San Miguelen erasoa jo eta lehena izan zen kategoria bereziko portua igotzen. Helmugan bere taldekide Unai Ramos tuterarrari utzi zion garaipena, altsasuarrak aurreko bi maillotei Nafarroako Itzuliko lidergoko maillot gorria gehitzen zion bitartean. Sailkapen orokorrean denbora berean zeuden Gomez eta Ramos.
Abodi gainean despeditu zen laugarren etapako azken metroetan Ramosek erasoa jo, etapa irabazi, eta Nafarroako itzuliko lidergoa eta nafar eta gazte onenaren maillotak kendu zizkion Iker Gomezi, 11 segundo aterata. Altsasuarra txapeldunordea izan zen, eta Finisher, talde onena. "Biak irabaztera atera gara, eta bera izan da indartsuena, ez dago besterik. Taldeak sekulako lana egin du, garaipena ere eurena da" Gomezek.
Euskadi Fundazioko Aimar Tadeo hamargarren izan zen Abodin, eta sailkapen orokorrean 59. sailkatu zen, 28:05era.