Irristakea

Sakana Patin, 15 urtez azpiko Liga Nazionaleko liderra

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 10a, 12:30

Liga Nazionaleko taldea, Oscar Zamarron eta Unai Villalobos entrenatzaileekin. SAKANA PATIN

Sakandarrek primerako lana egin zuten Madrilen jokatutako txapelketako bigarren jardunaldian

Sakana Patin irristaketa taldeak ongi hasi zuen denboraldia, eta hobeki jarraitu du. Maiatzaren 24an eta 25ean 15 urtez azpiko abiadura irristaketako Liga Nazionaleko bigarren jardunaldia jokatu zuen, Aluchen (Madril). Sakana Patin taldeko Noa Flores, Aiora Resano, Nahia Zamarron, Eneritz Fresneda eta Elaia Agirre lehiatu ziren. Talde txapelketa denez, bost irristalariek lortutako emaitzak batu ziren. Sakana Patin Gijoneko lehen jardunaldian bigarren sailkatzetik zetorren, Madrilgo CPV Rivas lehen taldetik 8 puntutara, baina Madrilen egindako primerako lanari esker, sailkapenaren buruan jarri da Sakana Patin, orain bigarren den Rivas taldeari 14 puntu aterata. 

"Neskak oso ongi lehiatu ziren. Tartean, taldekako puntuazio eta erlojupeko lasterketak irabazi zituzten, bestelako postu onekin batera. 15 urtez azpiko Liga Nazionaleko liderrak gara. Rivas bigarrena 14 puntura dugu, eta hirugarrena 100 puntutik gora dago. Beraz, oso pozik gaude" azaldu du Oscar Zamarron Sakana Patineko arduradun eta monitoreak. Berarekin batera Unai Villalobosek eta Maddi Goyak entrenatu dituzte, baina azken hau ezin izan zen Madrilen egon. 

15 urtez azpiko Liga Nazionaleko hirugarren eta azken jardunaldia irailaren 13an eta 14an jokatuko da, A Coruñan. "Ea lehen postuari eusteko gai garen eta Liga Nazionala irabazi dezakegun" espero du Zamarronek. Izan ere, "sekulakoa" litzateke boskotearendako. "Txapelketa honek bizia ematen die" berretsi du monitoreak.

Aiora Resano, Paiportan
Aurretik, maiatzaren 3an eta 4an Espainiako Pistako Txapelketa jokatu zen Paiportan, eta bertan Sakana Patineko Aiora Resanok parte hartu zuen, hiru distantziatan. 300 m sprintean erorikoa izan zuen, eta ezin izan zen aurreneko postuen borrokan sartu; 1.500 m linean bosgarren sailkatu zen, eta 3.000 m puntuazioan, sailkapen saioan erorikoa izan zuen, baina erremontatu zuen, finalerako sailkatuz. Finalean bosgarren izan zen, aurretik egindako ahalegina ordainduz. 

Ekainaren 21ean eta 22an Espainiako zirkuituko txapelketa jokatuko da Iruñean. Bertan Aiora Resano eta Sakana Patin taldeko beste zenbait irristatzailek hartuko dute parte. 

Pistaren beharra
Sakana Patinek, beste behin, irristalariek modu duinean entrenatu ahal izateko pista baten beharra aldarrikatu du.