Barranka Txirrindularitza Taldeak guztia prest du ekainaren 8an 9:00etan abiatuko den 28. Altsasu BTT Zeharkaldia arrakastatsua izan dadin. Maiatzaren 25ean itxi zuten izena emateko epea, eta 350 biker animatu dira proba ez lehiakorrean parte hartzera. Iragarpenak ez du euririk aurreikusten, eta egun ederra eta bikaina pasatzea da guztien nahia.
Etxarri, Bernoa eta Auntzetxe
Ibilbidea joan zen urtekoa izango dela aipatu du Jose Antonio Imaz Prim zeharkaldiko koordinatzaileak. "Iaz eguraldiak ez zuen lagundu, eta txirrindulariek ez zuten prestatutako ibilbide zoragarriaz behar bezala gozatu. Horregatik, errepikatzea erabaki dugu, aldaketa txiki batekin".
Horrela, txirrindulariak Altsasutik Etxarriraino abiatuko dira. "Haritzen Ibilbidean bete-betean sartu beharrean, eskuinaldera ondoan dagoen pista batetik sartuko gara. Hori da egin dugun aldaketa, ibilbidea ez kaltetzeko asmoz". Ondoren, Etxarri eta Bakaiku arteko galtzada hartuta, Bernoako galtzadaren azpira iritsiko dira. Ibilbide Luzekoak (52 km, 1.200 m+) Bernoako galtzadara igo eta jaitsiko dira, eta Motzekoek (46 km, 650 m+) bidean aurrera segiko dute, Urdiaingo igerilekuetarantz, Auntzetxean dagoen hornidura gunera. Ibilbideak San Pedron eta Usolarrainen du segida, Sorozarretara heltzeko. Ondoren, zubi zintzilikaritik Oroberantz egingo dute bikerrek, Ameztiako gainera iristeko. Luzekoek Olaztiko Auntzetxe igoko dute, eta Motzekoek aurrera segiko dute, ibilbidea Ameztiara itzultzen baita, eta hortik helmugara, Iortia plazara.
"Finean ibilbide bera da, baina Bernoako galtzadara eta Olaztiko Auntzetxera igotzea, momentuan erabakiko dute txirrindulariek, dituzten indarren edo gogoen arabera. Desnibela da jaisten dena, gogortasuna" nabarmendu du Imazek.
Ehun boluntario inguru
Zeharkaldia behar bezala ateratzeko ehun boluntario inguru ibiliko dira lanean, eta beraiei eta babesleei esker oneko hitzak luzatu dizkie Imazek. "Diru laguntzekin probako gastuak estaltzea da gure helburua, eta, horretaz gain, gure bailara erakustea eta bizikletaz gozatzea".