Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako taldea Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) Taldekako Txapelketetan lehiatu da. Maiatzaren 10ean lehenengo fasea jokatu zen, Arangurenen, eta maiatzaren 31n bigarrena, Berriozarren.
Kimuak, bigarrenak
Iskizako kimuen taldeak, txapelketan egindako lanari esker, hirugarren mailako kategoriari eutsi dio. Lehenengo fasean hirugarren sailkatu zen, eta bigarren fasean postua hobetu eta sailkapen orokorrean bigarren postua lortu zuen Iskizak. "Oso txapelketa politak oparitu dizkigute, eta egindako lana jarrera ezin hobearekin erakutsi dute bi faseetan" nabarmendu du Olaia Agirre Iskizako arduradunak.
Infantilen taldeek, aldiz, ez dutela esperotako bukaera izan gaineratu du Agirrek. "Denboraldi osoan zehar lan handia egin eta gero, azken hilabeteetako lesioek ez digute lana behar bezala erakusten utzi. Oso zaila da 2 minututan urte osoko lan guztia erakustea, baina hala ere, oso harro gaude egin duten lanarekin, eta batez ere, ezbeharretara egokitzeko erakutsi duten jarrerarengatik". Hirugarren mailako infantilak, sailkapenean seigarren sailkatu dira, eta, ondorioz, maila galdu eta laugarren mailan ariko dira datorren denboraldian. Laugarren mailako infantilak lehenengo fasean bosgarren izan ziren, eta bigarren fasean ezin izan zuten parte hartu.
Erakustaldia
Iskiza Sakanak ikasturte bukaerako erakustaldia egin zuen ekainaren 8an Zelandin, Sutegi taldearekin batera. 110 gimnastek ilusio handiz prestatutako lanak erakutsi zituzten.