"Jendea gora eta behera, beteta ikusi nahi dugu parrokia etxea"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko eka. 10a, 11:00

Florencio Rosello parrokia etxea bedeinkatzen, hainbat altsasuar lekuko direla.

Altsasuko parrokia etxe berri bedeinkatu zuen Florencio Rosello artzapezpikuak garagarrilaren 1ean. Eraikin berriaz argibideak eman ditu Patxi Izko Barberia Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko apaizak.

Meza nagusian ohi baino jende gehiago izan zen domekan. Izan ere, artzapezpikuak parrokia etxea bedeinkatu zuen uneko lekukoak izan nahi izan zuten fededun askok.

Aurreko parrokia etxea nahiko hondatuta zegoen, ezta?
Bai. Zerbait egiteko behar handia zegoen. Hainbat aukera zeuden. Bat barrutik botatzea zen, baina oinarriak oso gaizki zeuden. Arkitektoak eta biok erabaki genuen errazagoa zela bota eta berria eraikitzea konpontzea baino. Gainera, merkeagoa.

Noiz hasi zineten zerbait egin beharra zegoela pentsatzen?
Ni etxe hori berritzeko ideiarekin etorri nintzen Altsasura 2018an. Aurreko artzapezpikuak, Francisco Perez Gonzalezek esan zidan: "Altsasura zoaz eta egin behar duzun lehen gauza da parrokia etxeak zer konponbide daukan aztertzea, eta martxan jarri, bizia eman behar baitzaio". Arkitektoak eta gremioak aurrekontuak egiten hasi ziren eta dena hasita genuela, bat-batean,  COVID-19a. Dena gelditu zen. Pandemia bukatu bitartean ezer ezin egin. Ondoren, ez zegoen materialik. Eraikuntza guztia gelditu zen. Horrek guztiak proiektua asko atzeratu zuen. Duela urte eta erdi inguru sartu ginen saltsan. Sumatzen genuen, baina egoera zehatza zein zen ikustea izan zen lehen gauza. Azterketa egin genuen eta horrekin proiektua egiten hasi ginen. Obrak berak urtebete iraun du.

Zer premia zenituzten, edo dituzue?
Lehenengoa, handiena, etxearen egoera zen. Oso gaizki zegoen eta, gainera, plazan egonda arriskua zuen, harri txikiak erortzen hasiak baitziren. Paretetan zartadurak agertu ziren. Bizia eman behar zitzaiola pentsatzen genuen: katekesia, parrokiako bizitza, eta parrokiaren egoitza eraikitzea. Ametsa bete dugu.

Ametsa parrokiarekin partekatuko zenuen, ezta?
Hasieratik. Jendeak azkar onartu zuen ideia, kezka zegoen. Eta tristura ere: "etxe hori, hain itsusia eta itxita. Zerbait egin behar dugu". Eta azkar hasi ginen proposamenak botatzen. Abiapuntu horrekin pentsatu behar zen nola egin. Eta hor ametsak ez hainbeste, baizik eta diruak agintzen du. Ideia gutxienekoa gastatzea zen. Lehen ideia etxe txikiagoa egitea izan zen. Goiko pisua, ganbara, kendu genuen, eta horrela elizaren altura zoragarri hori agerian gelditu da. Barnean Aralar aingeruaren beiratea irabazi dugu aldare ondoan, eta eguzki argia sartzen da. Lehen eskailerak tapatzen zuen. Beste oztopoa sakristiara sartzeko metro erdiko eskailerak ziren. Beheko solairua jaitsi dugu irisgarria izateko. Fatxadan harria edo egurra? Eztabaida pixka bat izan zen. Baina askoz garestiago zen harriarekin egitea, eta egurraren alde egin genuen.

Barruan zer banaketa du?
Hiru solairu ditu. Behekoan sakristia, elizako aldare ondoko egoitza, galdara, komuna eta bileretarako gelatxo bat daude. Igogailua handia du, gurpildun aulkian ibiltzen direnak sartzeko. Lehen solairuan bi komuna, bi gela txiki eta 40 bat pertsonarendako gela handi bat daude. Azken hori hitzaldiak eta halakoak hartzeko litzateke. Telebista handi bat jarri dugu. Bigarren solairuan apaizaren etxea dago, apartamentu txiki bat: sukaldea, gela, logela eta komuna. Apaizarendako sobera. Eta terraza handi-handi bat.  

Bizia emateko, zer asmo dituzue? 
Pitteka eraikina janzten ari gara. Kurtso berriarekin proposamenak egiten hasiko gara, katekesia eta. Etxea erabiltzeko hainbat proposamen sortu behar dira. Horrek benetako giza goxotasuna emanen dio. Jendez beteta ikusi nahi dugu parrokia etxea, jendea gora eta behera. 

Lanekin pozik zaudete? 
Bai, oso. Harrizko paretak ikustera ohituta, orain egurrezkoak ikustean iritzi desberdinak sortu dira: "Zer da hori?" "Ba, polita da?" "Hasieran ez nuen gustukoa, baina egunero ikusten dut eta gero eta gehiago gustatzen zait". Zerbaitez hitz egin beharra dugu, ezta, ba hitz egiteko gaia eman dezagun! Hitz egiteak herriari bizitza ematen dio.

Inbertsio handia? 
Bai. Ez gara hasierako aurrekontutik atera: 800.000 euro. Rural Kutxari mailegua eskatu diogu. Artzapezpikutzak laguntza handia eman digu, abala eman baitu. Eta orain, pitteka-pitteka, diru hori hilero bueltatu behar dugu. Jendeak etxea ikusi eta ordaintzeari buruz galdetzen hasi da eta bihotzez eskertzen dut. Hemendik aurrera nola pagatu ikusten hasi beharko gara. Parrokiako kontseiluarekin aztertuko dugu hori. Ea jendearen borondate ona eta eskuzabaltasuna lagungarria den. Etxea Altsasun dago eta altsasuarrek gozatu behar dugu, gurea da. Nire beste ametsa da, nolabait, denok gure etxea dela sentitzea. Elizatik gertu daudenak jadanik egiten ari dira. Ez bakarrik parrokiaren gauzetarako, esaterako, auzokoak edo adiskide batzuk bilera bat egiteko tokia behar badute, hor duzue, hori zure etxea da eta erabili lasai. Eta argia edo berogailuaren gastuen zati zerbaitekin lagundu nahi badute, ongi. Bestela, tira. Etxe hori horretarako sortu da eta horretarako erabili behar da.

Eraikina ezagutzeko aukerarik?
Ate irekien egun bat edo pare bat eginen ditugu, jendea lasai sartu, ikusi, galdetu eta zalantzak argitzeko.