Erregional mailako igoera faseko lehen kanporaketako joanekoan Urroztarraren kontra nahiko partida eskasa jokatu zuen Altsasuk. Husna berdindu zuten, eta guztia ekainaren 7an Dantzalekun jokatutako itzulerako partidan erabaki zen. Futbolzale asko bildu ziren Dantzalekun, eta sekulako giroarekin jokatu zen partida. 10. minutuan Mikel Etxaizek Altsasu aurreratu zuen, zaleen gozamenerako. Hala ere, Urroztarrak ongi eutsi zuen, eta atsedenaldira bitartean ez zen gol gehiago egon.
Bigarren zatia hasi eta berehala, 53. minutuan, Imanol Lobok Altsasuren bigarrena sartu zuen, eta zoramena barreiatu zen Dantzalekun. Txaranga ere bertan zen, eta benetako festa giroa zegoen. Partida bukaera aldera Igor Ortega arbitroak partida geldiarazi behar izan zuen, goiko zelai zaharrean zeudenetako batzuk bengalak piztu, suziriak jaurti eta makilen bat zelaian erori zelako. Foruzainak ere bertaratu ziren, baina Altsasu Kirol Elkarteko presidente Jesus Sayasek gazteekin hitz egin ondoren, ez zen bestelako arazorik egon.
Bitartean, zelaian Altsasuren gol festak jarraitu zuen. 86. minutuan Asier Claverrek hirugarrena sartu zuen, eta deskontuan iritsi ziren beste hiru golak, Unai Calvok, Eneko Verak eta Javier Guisadok sartutakoak. Ondoren bai, festak eztanda egin zuen Dantzalekun.