Txirrindularitza

Iker Gomezek Circuito Montañeseko lehen etapa irabazi du

Guaixe 2025ko eka. 10a, 10:30

Iker Gomez, helmugan. UTZITAKOA

Ekainaren 10ean bigarren eta azken etapa jokatuko da, Santillana del Marren

Kantabriako afizionatuen mailako proba garrantzitsua da Circuito Montañes. Ekainaren 9an lehen etapa jokatu zen, Renedo de Pielagosen (129 km). Lasterketa hasi eta berehala hamabi txirrindularik ihes egin zuten tropeletik, tartean Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak (Finisher). 2 minutuko tartea atera zioten tropelari. Raul Bastidak (Telco ON) erasoa jo zuen, baina atzetik zetozenek neutralizatu zuten. Horrela, El Churiko igoeran boskote batek egin zuen aurrera, tartean Iker Gomez zela; El Churiko azken arranpa gogorretan Gomezek salto egin zuen, baina jaitsieran Archibol (Natural Greatness) batu zitzaion eta aurrerago Castellano. Azkenean, etapa esprintean bukatu zen, eta Iker Gomez izan zen azkarrena (3:02:46), Archiboldek eta Castellanoren aurretik. 

Gomezek, liderraren maillotaz gain, mendiko liderraren maillota eta gazte onenaren maillota jantzi zituen. “Ihesaldi oso onean sartu naiz, baina argi nuen urrutiagotik saiatu beharra nuela. Oso kontentu nago garaipenarekin. Bihar oso jardunaldi gogorra izango da, eta gaur atera dugun alde txiki hori izatea positiboa da” azaldu du Gomezek. 

Gomezek aurten debutatu du afizionatuetan eta Circuito Montañesekoa hirugarren garaipena da, Memorial Manuel Sanroman eta Zunzarren-Lizarra Memorialean lortutakoen atzetik. 

Ekainaren 10ean bigarren eta azken etapa jokatuko da Santillana del Marren, 156,4 km-ko lasterketa luze eta gogorra, etengabeko gorabeherak dituena, hirugarren mailako zazpi mendate baitaude bertan, eta etapa nagusia dena.