Ekainaren 10ean afizionatuen mailako Circuito Montañes lasterketako bigarren eta azken etapa jokatu zen Santillana del Marren (156,4 km), etapa nagusia, oso gogorra, oso gorabeheratsua, hirugarren mailako zortzi mendate tartean. Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Finisher) altsasuarra zen liderra, bezperako etapa irabazi eta gero, eta bazekien zaila izango zela proba borobiltzea.
Proba hasi eta berehala laukote batek ihes egin zuen. Finisher taldeko txirrindulari guztiak tropel buruan lanean hasi ziren, abiadura azkartzen, Iker Gomezen maillot horia defendatzeko. Horrela, helmugarako 57 km-ren faltan tropelak ihes egindakoak irentsi zituen. Hortik aurrera erasoak eta kontraerasoak etorri ziren, bata bestearen atzetik. Horietako batean Sergio Gutierrezek (Gomur Cantabria), Iker Trigok (Vigo Rias Baixas) eta Pablo Arak (Telco ON) aurrera jo zuten, helmugarako 25 kilometroren faltan. Oraindik ere gehiago apurtu zen lasterketa, eraso gehiago izan baitziren. Sailkapen orokorrean bigarren zen Archiboldek (Natural Greatness) aurrean zihoan taldearekin bat egin zuen, Iker Gomez liderrari tartea hartuz. Nahasmen horretan, Ubiarcoko igoeran Victor Castellanok (Gomur Cantabria) erasoa jo zuen eta Iker Gomez atzean utzi zuen. Iker Gomez talderik gabe geratu zen azken txanpa horretan eta jasandako etengabeko erasoei erantzuten saiatzerakoan hustu egin zen. Etapa bukatzea nahikoa eta sobera izan zen berarendako.
Azkenean, Aaron Nouguék (Telco ON) lortu zuen etapa garaipena (3:46:26) eta Franklin Archibolek Circuito Montañeseko sailkapen orokorra, Victor Castellanori 2 segundo eta Pablo Arari 17 segundo aterata. Iker Gomez 42. sailkatu zen, 7:35ra.