Astekaria

Sunsundeguikoaren ondorengo gomendioak

Guaixe 2025ko eka. 16a, 11:00

Sunsundeguiko lantegia hutsik eta itxita. ARTXIBOA

Kontu Ganberak foru administrazioak Altsasuko enpresari emandako dirulaguntzak aztertu ondoren, adierazi du gobernuak "ahalegin nabarmena" egin zuela. Baina laguntzak ez direla eman "funts publikoen kudeaketa onaren irizpideekin".

Sektore publikoaren ekonomia eta finantza kudeaketa fiskalizatzen du Nafarroako Kontuen Ganberak. Sodena entitate publikoak Sunsundeguiri 2009tik 2024ra emandako dirulaguntzen inguruko azterketa egin zuen Nafarroako Parlamentuak hala eskatuta. Guztira 49.134.354 euro eman zizkion. Kontuen Ganberak ondorioztatu du Sodenak Sunsundegui enpresari eginiko finantza ekarpenak "arrisku handikoak" zirela eta enpresaren finantza egoera kontuan harturik, "ez datoz bat diru publikoaren kudeaketa onaren irizpidearekin". Aldi berean, gogoratu du laguntzak emateko "arrazoi sozioekonomikoak" argudiatu zirela. 

Azterketa eginda, Nafarroako Kontuen Ganberak hiru aholku eman dizkio Nafarroako Gobernuari. Aurrena, dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresetako akziodunei ere diru ekarpena egiteko eska diezaiela. Hurrena, krisian dauden enpresendako dirulaguntzak denboran mugatzea ere eskatzen du, enpresaren bilakaeraren arabera gehiago eman edo ez erabakitzeko. Eta atzeneko gomendioa da holakoetan Europar Batzordeari kontsulta egitea, egoera larrian dagoen enpresari emandako laguntza Estatu laguntzatzat har baitaiteke. 

Maileguak
Sunsundeguik 2009ko garagarrilean enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen. Sodenak, orduan, bost milioi eman zizkion, bi mailegutan. Nafinco sozietate publikotik hiru milioi jaso zituen. Sunsundeguiko akziodunek konpromiso bat hartu zuten Nafincorekin: Sunsundegui erosteko aukera izanen zuela, euro bat ordainduta. 2011n gauzatu zen salerosketa. Sodenak erosi zuen, ordurako Nafinco desagertua zelako. Beraz, Sunsundegui enpresa publiko bihurtu zen. Garai hartan, beste bost mailegu jaso zituen, bost milioi guztira.

2013an Sodenak langileei eta zuzendaritzako kideei saldu zien enpresa, euro batean. Aurretik, 35 milioi eman zizkion ordu arteko zor eta maileguak kitatzeko. UPN Nafarroako Gobernuan zela 35,23 milioi euro jaso zituen enpresak, Kontu Ganberak ikertutako 15 urteko epean emandakoaren %72 da kopuru hori. 

2015etik 2019ra enpresaren egoerak hobera egin zuen. 2019an inoizko eskaera gehien jaso zuen. 2020an, berriz, salmentek goia jo zuten. Sodenak, garai hartan, 1,5 milioiko laguntza eman zion instalazioak lege eskaeretara moldatzeko. Baina pandemiak min handia egin zion enpresari. Sodenak 3,4 milioiko mailegua eman zion haren ondorioei aurre egiteko. 2017 eta 2021 artean Sunsundeguik jaso zituen 4,9 milioi euroak Sondeka guztira egi zituen ekarpenen %10 ziren. 

2023an Sunsundeguik bi hitzarmen sinatu zituen Volvorekin: bata teknologia transferentziari zegokion; bestea produkzioa handitzeko. Volvok Poloniako lantegia itxi berria zuen. Helburua zen han egiten zituen bi autobus mota Altsasun egitea. Horretarako inbertsioak egin behar ziren, eta horrek dirua eskatzen zuen. Sodenak bi mailegu eman zizkion: hiru eta sei milioikoak, biak Parlamentuak onartuak bi foru legeren bitartez. Sodenak emandakoaren %18 dira 9 milioi horiek.

2024ko garilean, ordea, bi enpresek akordioa bertan behera utzi zuten. Sunsundeguiren finantza eta produkzio arazoek ezinezkoa egiten zuten tratua betetzea. Horrek Sunsundegui desagertzera kondenatu zuen. 2024ko azaroan hartzekodunen konkurtsoa deitu eta langileak kalean gelditu ziren. Aztertutako garaian enpresaren ekonomia adierazleak negatiboak ziren eta diruzaintza-maila ez zen nahikoa eta, gainera, porrot egiteko aukera handia zuen. Sunsundegui ixtean 50.213.965 euroko zorra zuen. Bere ondasun eta eskubideen balioa, berriz, 27,38 milioi eurokoa zen. 

Egiaztatu gabekoak
Kontu Ganberak nabarmendu duenez, "Sodenak Sunsundeguiri eginiko diru ekarpenak enpresaren txosten, estrategia eta bideragarritasun planetan daude oinarriturik. Aholkulari-enpresek eginiko txostenen atzean Sunsundeguiren datu eta aurreikuspenak daude. Aurreikuspen haiek ez ziren egiaztatu eta ez dira bete", azpimarratu du.

Laguntza nagusiak 2013an, 2023an eta 2024an eman ziren. "Sodenaren txostenek arrisku handiko maileguak zirela diote. Ematekotan arrazoi sozioekonomikoak argudiatuta eman zitzaketela aipatzen dute. Beti ere, laguntza ataka batetik ateratzeko modua zela zioten. Enpresaren finantza eta produkzio egoera sendotu beharra azpimarratzen zuten, akziodun berrien bitartez". Sunsundeguiren 2024ko egoera oso larria zen. Sodenak emanikoaz aparte, enpresak aurrera egiteko beste hamar milioi behar zituela kalkulatu zuten.

Erakunde fiskalizatzaileak nabarmendu duenez, "Sodenak ahalegin handia egin du Sunsundegui salbatzeko. 2023ko eta 2024ko diru-laguntzak arrisku handikoak ziren. Ikuspegi teknikotik, ez datoz bat diru publikoaren kudeaketa onarekin. Dena den, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak bestelako irizpideak lehenetsi zituzten: enplegua, zerga bilketa eta nafar hornitzaileen eskaerak".