Urtero moduan, Altsasuko Udalak kaleetako zorua berritzera diru sail bat bideratuko du. Aurten 368.620,45 euro bideratuko dira. Hala erabaki zuen udalbatzak atzeneko bilkuran. Aurreikusitako lanen artean daude, alde batetik, Intxaurrondo, Zelai Txiki eta Zelandi kaleetako espaloietako baldosak aldatzea. Egungoen ordez Isidoro Melero kalean daudenen moduko baldosak jarriko dira. Lanak baliatuko dira egun ezarritako neurriak betetzen ez dituzten espaloi zatiak zabaltzeko. Gainera, garajeetarako sarbideak ere hobetuko dira. San Pedro eta Solana kaleetan espaloi berriak egitea aurreikusi du udalak. Eta espaloietan eginen den atzeneko lana Erkuden kalean eginen da. Frontoiko zeharbidearen eta Altzania kaleko espaloietatik galtzada-harriak kenduko dira, ohiko baldosak jartzeko. Mugikortasun mugatua duten pertsonen ibilera erraztu nahi du horrela udalak.
Era berean, Zelandi eskola publikoaren parean dagoen oinezkoen pasabidea handitu egingo da. Zelai txiki kaleko pasabide hori moldatuz, udalak eskolako sarrera-irteeretan oinezkoen segurtasuna hobetu nahi du.
Aurreikusitako beste lanak dira Zelai eta La Ermita kaleetako euri uren bilketa hobetzea. Lan horiek eginda lortu nahi da eurite bortitzen kasuan ura etxebizitzetan ez sartzea. Era berean, San Juan kaleko zoladura berrituko du udalak Altzania eta Burunda kaleen arteko tartean zehazki. Bukatzeko, Ibarrea industrialdetik Ameztiakora doan errepidearen ondoan bidearen zati bat erori da eta eusteko harri lubeta eraikiko du.
Egina dagoen lana da Altsasu Bigarren Hezkuntza Institutuaren eta Beikolar auzoa lotzen dituen Larrezabal bidearen asfaltatzea. Lanak 66.123 euroko aurrekontua zuen eta zati bat nekazaritza azpiegiturak hobetzeko dirulaguntzarekin ordaindu da. Orsa enpresak aurki Mendizabalazpi eta Gurdilaz bideak asfaltatuko ditu 127.736 euroren truke.