BTT

Eguraldi onak ederragoa egin zuen Altsasu BTT-a

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 16a, 09:11

Altsasutik Urdiainerantz abiatu zen Altsasu BTT Zeharkaldia.

Aurretik izena emana zuten 350 txirrindularietatik 345ek parte hartu zuen 28. Altsasu BTT Zeharkaldian. Etxarri Aranatz, Bernoako galtzada, Intsusburu, San Pedro, Sorozarreta, Orobe eta Olaztiko Auntzetxe lotu zituzten, paisaia berde-berdean

Barranka Txirrindularitza Taldeak antolatutako 28. Altsasu BTT Zeharkaldian parte hartu zuten bikerrek aurten eguraldia alde izan zuten. Beraz, iazko arantza kendu, eguraldi kaxkarra egin baitzuen, eta aurten eguraldi bikainarekin osatu zuten Barrankak prestatutako ibilbide zoragarria, joan zen urteko berbera, aldaketa txiki batzuk kenduta. Paisaia berde-berde zoragarria izan zuten bidaide, eguraldi onarekin guztia ederragoa baita.

Intxusburu eta Auntzetxe, aukeran
Guztira 53 km eta 1.200 m desnibel + zuen probak. Altsasutik Urdiainerantz abiatu zen, eta beheko pista azkarretatik Etxarri Aranatzeraino iritsi zen. Ez zen Haritzen Ibilbidean sartu, ondoko pistatik baizik, ibilbidean oinezko asko egoten direlako eta ibilbidea ez kaltetzeko, eta hortik Bernoako galtzadan sartu ziren, Intsusbururaino igotzeko. Handik jaitsita, Urdiaingo Auntzetxen indarrak berreskuratu eta ibilbideak San Pedron eta Sorozarretan egin zuen aurrera, zubi zintzilikaritik Oroberaino iristeko. Handik Ameztiako gainera jo zuten bikerrek, Olaztiko Auntzetxera igotzeko. Ondoren, buelta hartu eta Ameztiatik Altsasuko Foru Plazako helmugaraino iritsi ziren. Ibilbide horren luzea egin nahi ez zutenek Intsusburura eta Olaztiko Auntzetxera igo edo ez erabaki zezaketen. Barrankako antolakuntzatik adierazi dutenez, biker gehienak Intxusburura igo ziren, baina askok ez zuten Auntzetxe igo.

Bikerrek "oso gustuko" izan zuten ibilbidea, hala adierazi zuten helmugan. Indarrak berreskuratzeaz gain, guztiek opari poltsa eta kamiseta jaso zituzten, eskertuta. Guztia behar bezala antolatzeko ehun boluntario inguru aritu ziren lanean.