Astekaria

Sakanako idazle txikien festa

Guaixe 2025ko eka. 16a, 11:40

Maria Markotegi lehiaketako irabazleak.

Sakanako Mankomunitatearen Euskara zerbitzuak Maria Markotegi eta Nanoipuin literatur lehiaketen sariak banatu zituen, ekainaren 10ean, Iortia kultur gunean egindako ekitaldian. Guztira, bi lehiaketetara 875 lan aurkeztu dira

Iortia kultur gunea Sakanako euskal sortzaile gaztetxo eta gazteen epizentroa bihurtu zen ekainaren 10ean, Sakanako Mankomunitatearen Euskal zerbitzuaren literatur lehiaketen sari banaketa ospatu baitzen bertan. Bi sariketa antolatzen ditu urtero: Maria Markotegi Sakanako ikastetxetan ikasten duten ikasleen sormena sustatzeko lehiaketa, eta Nanoipuin euskaltegian euskara ikasten ari diren eta Mintzakide programan parte hartzen dutenendako lehiaketa. Aurten 804 lan aurketu dira lehenengo sariketara, eta 71 bigarrenera. Ekitaldia Amaia Amilibiak aurkeztu zuen, eta Ainize Ibargutxi Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordeburuak eta Aitor Larraza Mankomunitateko presidenteak hartu zuten hitz eta banatu zituzten sariak. 

Hamahiru ikastetxek parte hartu dute Maria Markotegin: Altsasu BHI, Andra Mari ikastola, Arbizuko Herri Eskola, Arrano Beltza IP, Atakondoa IP, Domingo Bados IP, Iñigo Aritza ikastola, Jesusen Bihotza ikastetxea, Lakuntzako Herri Eskola, San Donato IP, San Migel IP, Urdiaingo Herri Eskola eta Zelandi IP. Ikasleen mailaren arabera lau kategoria daude: LH 3. eta 4. maila; LH 5. eta 6. mail; DBH 1. eta 2. maila, eta DBH 3. eta 4. mailan. Bestetik, lehiaketan Poesia, Narrazioa, Komikia eta Booktube sailak daude. Guztira, 804 lan aurkeztu dira, gehienak Narrazioan, erdia baino gehiago, eta sarietan 2.660 euro banatu zituzten, 28 lan onenak saritzeko. Toñy Lopez eta Izaskun Etxeberria literaturan, Joxemari Morcillo eta Olatz Aldasoro komikian eta Katrin Ginea eta Aitor Karasatorre booktubean izan dira epaimahaia. 

AEKko Itsasi euskaltegiko ikasleek eta mintzakideek parte hartzen dute Nanoipuin lehiaketan. Ikasleen mailaren arabera hiru maila ditu lehiaketak: A1 eta A2 mailetako ikasleak; B1 mailako ikasleak, eta B2 eta C1 mailako ikasleak. Mintzakide programako parte hartzeileek euskara ezagutza mailaren arabera parte hartzen dute. Guztira, 71 lan aurkeztu dira: 25 lehenengo mailan, 27 bigarren mailan eta hemeretzi hirugarren mailan.