2020an lehen CaixaBank Mastersa sortu zenean, uda salbatzeko sortu zuten enpresek, festarik eta jaialdirik ez zegoelako. Baina formatuak arrakasta izan zuen eta ordutik hitzorduari eutsi dio. Udako torneo luzeena da.
Mastersean bi enpresetako pilotariek elkarrekin osatzen dituzte bikoak, bikote mistoak osatuz. Bestalde, aurten nobedadeekin iritsi da CaixaBank Mastersa. Bi mailatan jokatuko da. Lehen mailan zazpi bikotek jokatuko dute, eta B Serietakoan beste horrenbestek. Pilotari sakandarrei dagokienez, lehen mailan jokatuko dute. Ezkurdiak Iztuetarekin osatuko du bikoa, Artolak Martijarekin eta Zabaletak Jakarekin. Beste bikoak Altuna III.a-Imaz, Zabala-Mariezkurrena II.a, Larrazabal-Rezusta eta Elordi-Albisu dira.
B Seriean ez dago pilotari sakandarrik. Bikoteak, ondokoak: P. Etxeberria-Morgaetxebarria, Peña II.a-Gabirondo, Agirre-Eskuza, Dario-Eskiroz, Zubizarreta-Bikuña, Senar-Tolosa eta Salaberria-Aranguren.
B Serieko finala, Altsasun
Txapelketa uztailaren 18an hasiko da, Barakaldon. Bi mailako txapelketa aldi berean jokatuko da. Lehiaketa sistemari dagokionez, zazpi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute lehendabizi, eta lehen lau sailkatuak igaroko dira finalerdietara, eta bikote batek atseden hartuko du astero. Finalerdietan, ligaxka lehen postuan bukatzen duen bikotea laugarren sailkatuaren aurka ariko da, eta bigarren postuan amaitzen duenak hirugarren sailkatuaren kontra. Lehen Mailako Masterseko finalerdiak irailaren 12an jokatuko dira, Nafarroa Arenan, eta B Serietakoak irailaren 6an (Lekeitio) eta bigarrena irailaren 7an, oraindik zehaztu gabeko pilotalekuan. Final handiei dagokienez, B Serietako finala irailaren 13an jokatuko da, festetan murgilduta egongo den Altsasun, eta lehen mailakoa irailaren 14an, Nafarroa Arenan.
Jokoari dagokionez, pilotariek lau eta erditik egin beharko dute sakea. “Jokoan horrenbesteko garrantzia ez izateko, ikuskizuna hobetzeko eta partidak erakargarriak izateko” hartu dute enpresek erabaki hori, sakeak horrenbesteko garrantzirik ez izateko, baina erabakia ez da guztien gustukoa izan.
Joan zen urtean Ezkurdiak eta Rezustak irabazi zuten Mastersa, Altuna III.ari eta Iztuetari 22-13 irabazita.