Altsasuko Foru plazaren zati bat udaltzaingoaren eta suhiltzaileen zintaz itxita dago. Elizako ezkila dorrearen pareko zatia da itxita dagoena. Patxi Izko Barberia apaizak argitu duenez, "ez da ezkilen arazoa. Haietako baten ondoan harri pixka bat mugituta dago. Errepikak jotzean ezkilak dar-dar egiten du eta harri horri eragiten dio. Harria segurtatu beharra dago". Izkok jakinarazi duenez, "horren berri aspaldi genekien, kontrolatuta zegoen. Ezkila errepika jotzen dutenek ere oso kontrolatuta dute".
Hala ere, atzo, garagarrilak 22, alarma piztu zen eta suhiltzaileek 18:00etan dorrea begiratu ondoren plazan segurtasun eremu bat hesitu zuten. Apaizak argitu duenez, "eraikuntza enpresa bateko langile bat dorrean izan da gaur goizean. Bideratuta dago gaia". Bitartean, udalak atzoko plastikozko zintak hesiengatik ordezkatu ditu.