Triatloia

Sakanako XXIII. Triatloian 50 triatleta espero dira

Guaixe 2025ko uzt. 4a, 11:30

Sakanako Haur Triatloia. ARTXIBOA

Uztailaren 5ean, larunbata, Sakanako Mankomunitateak antolatutako proba jokatuko da Altsasuko Dantzaleku igerilekuetan. 

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, uztailaren 5ean, larunbata, jokatuko da XXIII. Sakanako Triatloia. Orain arte Urdiaingo Aitziber igerilekuetan jokatzen zen eskola mailatik hasi eta junior maila bitarteraino jokatzen den proba, baina Aitziber igerilekuetako obrak direla eta, aurten Altsasun jokatuko da proba, 10:00etatik aurrera. 

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu duenez, aurten 50 triatletek eman dute izena Sakanako Haur Triatloian. Orain arte Urdiaingo Aitziber igerilekuetan jokatzen zen Sakanako Haur Triatloia, baina Aitziber igerilekuetan obretan daude, legedira egokitzeko lanetan, eta igerilekuak beranduago irekiko dira. Horrela, Altsasuko Dantzalekuko igerilekuek hartu dute txapelketa antolatzearen lekukoa. 

Gazteek eta kadeteek batera egingo dute proba, 10:00etan abiatuta  (400 m igeri, 7.400 m bizikletan eta 2.000 m korrika). 11:05ean haurren txanda izango da (250 m – 5.550 m – 1.600 m), 12:00etan kimuena (200 m – 4.000 m – 800 m), eta 12:40ean benjaminena (100 m – 2.000m – 400 m).