Altsasuko Udala San Joan ermitara joan zen astelehenean, San Joan bezperan. Hurrena, udala San Pedro ermitara joanen da akonpainamendu hori egiten, garagarrilaren 29an, domekan. Herriko jai egunetan sartzen diren erlijio ekitaldietan ermitetara joaten diren altsasuar guztiei udalak akonpainamendua egitea onartu ondoren estreinako aldia izan zen. Mozioa maiatzeko bilkura aurkeztu zuen Geroa Baik. Hark alde bozkatu zuen, kontra, berriz, EH Bilduk. Subiranistek alkatetzan zeudela kendu zuten akonpainamendu hori 2013ko apirilean. Orduko hartan bezala "erakunde publikoak laikoak eta akonfesionalak" direla argudiatu zuen EH Bilduk, eta, horregatik, kontra bozkatu zuten.
Onartutako Geroa Bairen mozioan adierazten denez, "herriko ermitetan udalak onartutako jai-egutegiaren barruan egiten diren erlijio-ekitaldietara joaten diren bizilagunei lagunduko die udalbatzak". Gainera, programazioan jasoko dira. "Laguntza hori modu ofizialean egingo da, udalbatzako kideek erlijio ekitaldira joateko edo ez joateko duten askatasun indibidualari kalterik egin gabe", zehaztu zen.
Geroa Baik argudiatu zuenez, "erlijio aniztasunetik eta askatasunetik abiatuta eta udalari eremu erlijiosoan dagokion neutraltasunetik abiatuta", Geroa Baik tradiziora jo du, eta gertakari erlijiosoa gainditzen dutela uste du. "San Joan, San Pedro, Alde Zaharreko eta herriko jaietako ospakizunetan eta horietan egiten den ekitaldian bertan ematen den laguntza erlijiotik harago doa. Gure kultur ondarearen zati bat da, non herritarren arteko topaketak eta herri gisa dugun iraganaren oroitzapenak eta gure orainaren aldarrikapenak gure nortasuna indartzen duten".
Alkatetzako taldeak mozioan argudiatu zuenez, "antzina-antzinatik udalaren ordezkaritza gorenak parte hartu duela gure ermitetan egiten diren ekitaldietan". Aldi berean, ermitak antzinako herrixketako elizak zirela gogorarazi zuen. "Ospakizun horiek" oroimenezko eta ohorezko zentzua dute, halaber, herri haietan bizi izan ziren eta gaur egungo herritarren aurrekari diren pertsona guztiekiko".