Altsasuarrak hariztian elkartuta

Guaixe 2025ko eka. 30a, 12:31

Festa egun eder baina beroaz gozatzeko aukera izan zuten.

Sanpedrozelain duten urteroko hitzorduarekin altsasuarrek ez zuten hutsik egin. Goiz mugitu eta suak prestatzea izan zen lehen egitekoa. Haietan hamaiketakoak prestatu zituzten. Ermitaren kanpoko aldean egindako elizkizunaren ondoren, dantzaren txanda izan zen. Lehenik Palestinako dantzen erakustaldi bat izan zen. Ondoren, aurreneko zortzikoa palestinarrei eskaini zioten. Baina beste lau ere izan ziren eguerdian. Zelaian udalak lauren litro ardo banatu zituen eta han ez bazen jarritako lau tabernatan beroari aurre egiteko edabe bila ibili ziren asko. Bitartean suen inguruan, atzera ere, mugimendua hasi zen, bazkaria prestatzeko. 

Majo bazkaldu ondoren etxaju batek iragarri zuen udalak puruak banatu zituen. Arratsaldeko aurreneko zortzikoaren buru alkatea izan zen. Mahaiaren bueltan hizketaldiak luzatu ziren. Eta siesta eder bat baino gehiago izan zen. Herrira bueltan dantzaldi animatua izan zen plazan.