Foruzaingoa erasotu zutela salatu du CSIF-SPF sindikatuak

Guaixe 2025ko uzt. 1a, 12:10

Foruzaingoaren auto bateko kristala hautsita. CSIF-SPF

San Pedro eguneko gauean izan zen. Autoek kalteak izan zituzten. Sindikatuak Herritarren Segurtasunerako unitateei 40 mm-ko jaurtitzaileak eta norbera babesteko kaskoak ematea exijitu du.

Foruzaingoan gehiengoa duen CSIF-SPF sindikatuak salatu duenez, Altsasun foruzainek erasoa jasan zuten garagarrilaren 29ko gauean. Sindikatuak azaldu duenez, "abisu bat jaso zuten, obra eremu batean hainbat gazte bertan zeudelako. Iritsi zirenean, ihes egin zuten, baina festa gunera joan ziren beste batzuei jakinarazi zieten, eta, ondorioz, ezustean harriekin eta botilekin eraso zieten foruzainei. Zauriturik izan ez zen arren, polizia-ibilgailuek kalte material handiak jasan zituzten".

CSIF-SPFren ustez, "horrelako gertaerek agerian uzten dute Herritarren Segurtasuneko agenteentzako babes pertsonalerako bitarteko eta defentsa-tresna egokirik ez dagoela, esku hartzen lehenak baitira". Sindikatuak gainerat duenez, "lurralde komisariek normalean baliabide gutxiagorekin, errefortzu-gaitasun txikiagoarekin eta erantzuteko denbora luzeagoarekin jarduten dute. Hori guztia larriagotu egiten da gaueko ordutegian, Esku-hartze Atala eskuragarri ez dagoenean".

Sindikatuarentzat "agenteen babesgabetasuna ez da berria. Pandemian zehar antzeko eraso ugari erregistratu ziren eta, CSIF/SPFk behin eta berriz salatu arren, Nafarroako Gobernuko egungo Barne kontseilariak, garai hartan Zuzendaritza Nagusia zenak, ez zuen inolako neurririk hartu". CSIF/SPFko ordezkariek adierazi dutenez, "premiazkoa dela Herritarren Segurtasunerako unitateei 40 mm-ko jaurtitzaileak eta norbera babesteko kaskoak ematea. Horiek funtsezkoak dira agenteen osotasun fisikoa bermatzeko, baita higiene, tailatze eta mantentze arrazoiengatik ere". Aldi berean, sindikatuak babesa adierazi dien erasoa jasan duten agenteei, haien "profesionaltasuna eta trebezia nabarmenduz, esku-hartze konplexu bezain ustekabekoan".