Hausnarketarako idatziak

Guaixe 2025ko uzt. 3a, 12:00

65 urtetik gorako pertsonek bizi ditzaketen hauskortasun soziala eta bakardade egoerak prebenitu nahi du Teknoadineko programak. Ipuin lehiaketarekin egoera horiei buruzko eztabaida, hausnarketa eta sentsibilizazioa sortu nahi izan dute antolatzaileek.

Lekunberriko eta Sakanako zortzi udal liburutegiek bat egin dute Teknoadineko programa sustatzaile diren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateekin eta ipuin lehiaketa antolatu zuten. Estreinako edizioan hamalau lan aurkeztu ziren, zortzi euskaraz eta sei gaztelaniaz. Altsasuko udal liburutegiak Teknoadineko ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia hartu zuen garagarrilaren 25ean. Lehen saria Eneida Carreño Mundiñanok eskuratu zuen Kasu egin ipuinarekin. Bigarren saria Ainhoa Idiakez Zornozarendako izan zen, Bizitzak eskaintzen dituen aukerak idazlanagatik. Zazpi minutu narrazio laburrak hirugarren saria eman zion Enara Urra Albizuri. Hirurek beraien idazlanak irakurri zituzten ekitaldian. 

Lehiaketara aurkeztutako testu guztiak liburuxka batean jaso dituzte. Sari banaketa egunean parte hartzaileen artean banatu zituzten. Baina haren kopia digitala eginen dute eta sareen eta web orrien bidez zabalduko dute.