Otadiako sektoreko euri urak egoki jasotzen dira dagoeneko

Guaixe 2025eko uztailaren 7a

Soldaubide kaletik hodia trenbide azpitik pasa eta ibairaino iristen da.

Horretarako kolektore bat eraiki da eta han jasotakoa ura ibaira bideratzen da. Aurretik saneamenduko sarera isurtzen baitira euri urok eta arazoak sortzen zituen araztegian eta hainbat auzoko hainbat etxetan.

Santo Kristo Barren, Amandrea, Soldaubide, Ualdera eta Lapurbide kaleetako euri urak orain zuzenean ibaira doaz. Hori posible da duela 20 urte eraikitako auzo horren hegoaldean Altsasuko Udalak euri urendako kolektore bat eraiki duelako. Lanak egin aurretik euri urak saneamenduko sarera bideratzen ziren eta horrek bi arazo sortzen zituen. Batetik, euri jasa handiak izaten zirenetan saneamendu sareak ez zuen gaitasunik hainbeste ur hartzeko eta, ondorioz, urbanizazioaren hegoaldean zeuden etxe batzuetan euri ura eta ur beltzen nahasketa sartzen zen. Bestetik, ur araztegiaren funtzionamenduan eragina zuen, eta areagotu egiten zituen tratamendu-kostuak. 

Kolektorea urbanizazioaren punturik baxuenean, hegoaldean eraiki da, Soldaubide kalearen akaberan. Handik ubelderaino ehunen bat metro daude, baina kalearen eta ibaiaren arteko desnibela hamahiru bat metrokoa da. Eta bien artean trenbidea dago. Beraz, sektoreko euri urak jasoko dituen kolektorea egin da Soldaubide kalearen bukaeran. Handik hura lurpeko hodi bidez bideratu da ibairaino. Desnibela saihesteko hodia bost zati ditu eta tartean bost putzu bertikal daude, haietako bi trenbidearen bi aldetan daude.

Lana Lakita enpresa egin du. Obrak eta lanen zuzendaritzak 281.450,38 euroko inbertsioa eskatu dio udalari. Hura finantzatzeko Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren zuzeneko diru partida bat du: 244.600,82 euro. Hori Geroa Bairen talde parlamentarioak 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei egindako zuzenketa baten ondorioz jaso du.