Sunsundeguiren itxiera eta gero, berrindustrializaziorako lan mahaia

Guaixe 2025ko uzt. 4a, 10:01

Aitor Larraza Carrera, Sakanako Mankomunitateko presidentea, eta Mikel Irujo Amezaga, kontseilaria, hizketan.

Horretan Nafarroako Gobernua, Sakanako Mankomunitatea eta Sakanako Enpresen Elkartea daude.  Berrindustrializazioa da helburua. 

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujo Amezagak argi utzi nahi izan zuen Sunsundeguiren itxieraren ondoren ere lanean jarraituko dutela. Horretan aurrera egiteko Nafarroako Gobernua Sakanako Mankomunitatearekin eta Sakanako Enpresen Elkartearekin elkarlanean ariko dela nabarmendu zuen. "Lan mahaia sortu genuen, programa berezi bat sortzen eta lantzen ari gara, erantzuteko". Sunsundeguiz aparte hainbat enpresa hornitzaile bazeudela gogoratu zuen Irujok, "argazki guztia ikusi behar dugu". Gaineratu zuenez, "hornitzaileekin batera ere landu nahi dugu zer-nolako programak islatu ditzakegun datorren urtean gure aurrekontuetan". Elkarlana aipatu zuen berriro ere: "nola proposatu neurri zehatzak, programa bat, zuzeneko dirulaguntzak edo finantzaketako hainbat mekanismo nola bideratu. Eta, zergatik ez, fiskalitatea. Horretan pentsatu beharko dugu Sakanan berrindustrializazio prozesua burutzeko". 

Itxitako enpresako langileen egungo egoeraz galdetuta, kontseilariak jakinarazi zuenez, "Sunsundeguin lanean aritzen zirenetatik 106 pertsona dagoeneko beste enpresa batean lanean ari dira jada. Beste 63 Lansareren hainbat programa berezietan sartu dira". Pertsona horiek "gaitasunen eta prestakuntzen birziklatzea" eginen dute programa horien bidez. "Epaileak likidazioa erabat argitu baino lehen 169 pertsona lanean edo programetan izatea datu positiboa da", esan zuen kontseilariak.