Altsasuko Udalak diruzaintzako gerakinetik 300.000 euro bideratu ditu udaletxea berritzeko lanak egin ahal izateko. Diru horren zati bat proiektu teknikoa idazteko izanen da. Lan hori idazteko enkargua aurki emanen du udalak. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, Lurralde Kohesio Departamenduak udalari proiektu teknikoa eskatu dio, eta hura jaso ondoren emanen dio dirulaguntza. Aipatu laguntza 300.000 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuan jasota dago, Geroa Bairen zuzenketa bat dela medio.
Udaletxea berritzeko lanak milioi bat pasako aurrekontua izanen du. Aurrekontu horri aurre egiteko Altsasuko Udalak foru administrazioaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planaren deialdira memoria aurkeztu du.
Ollok gogorarazi duenez, "joan zen mendeko 80ko hamarkadatik ez da ezer egin udaletxean, salbu eta 2019. urtean komunak berritu eta igogailua jarri zela. Behin eraikinean lanak egiten hasita, dena egin eta urteetarako ongi" uztearen aldekoa da alkatea. Ollok oroitu du hainbat udal eraikinetan berritze lanak egin direla eta udaletxearen ondoren Gure Etxea eraikinaren txanda litzatekeela.