Altsasuko Udalak joan zen urteko diru kontuak itxi eta onartu zituen garagarrileko udal bilkuran. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu zuenez, 1.929.745,15 euroko emaitza izan zen eta inbertsioetara ia 985.000 euro bideratu zituen udalak. Inbertsio horiek egiteko batzuetan udalak dirulaguntzak lortu zituen. Alkateak jakinarazi zuenez, gastu orokorretarako diruzaintzako 5.012.020,56 euroko gerakina eman zuten. Hala ere, diru kopuru horri hainbat inbertsiok eragiten diote: biltegitik herrigunera bitarteko hornidura sarea berritzea, baso pistak konpontzea, kaleak hobetzea, Ondarria industrialdea hobetzeko obren azken fasea eta udaletxea eraberritzea.
Ollok gogoratu zuen udalak ez duela diru sarrera iturri garrantzitsurik. Horregatik alkateak nabarmendu zuenez, "kontu horiei esker, Udalak inbertsio asko egin ahal izango ditu, osorik edo partzialki finantzatuta, eta eskaintzen dituen zerbitzu publiko guztien iraunkortasuna eta mantentzea bermatu ahal izango ditu". Udal teknikariek arlo horretan egindako lana aitortu zuen alkateak. Horren harira, 2023tik zergak, tasak eta prezio publikoak izozteko politika fiskala azpimarratu zuen.
Geroa Bairen aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu ziren 2024ko kontuak. EH Bilduko bozeramaile Juanjo Goikoetxea San Romanek azpimarratu zuenez, "2024an onartutako aurrekontua 7.663.373 euroa zen, baina kontuen itxieran aurrekontua 18.478.418 eurokoa da". Beikolar, Dermau eta Lezaldeko hirigintza-sektoreak gehitu zirela igo zen kontuen zenbatekoa 10,5 milioi euro. "Kontabilitateko anomalia izugarria da, eta konponbidean lagundu nahi dugu. Kontuen desfase horri konponbidea emateko pausoak ematen ari da udala eta horregatik abstenitu eginen gara", adierazi zuen.
Hirigintza
Beikolar, Dermau eta Lezalde sektoreetarako 10,5 milioi euro bideratu zituen udalak joan zen urtean. Azken bi sektoreak 2003an onartu ziren. "Bere ezaugarri bereziengatik eta iraganean izan zuen garapenagatik, orain gauden unea aprobetxatu behar dugu, dagoeneko onartuta dagoen Udal Plan Berriaren Lurraldearen Antolamendurako Estrategia eta Ereduaren aldez aurreko itunarekin eta, beraz, Hirigintza Planaren hasierako fasearekin, hausnarketa sakona egiteko", azpimarratu zuen.
Alkateak jakinarazi zuenez, udala, aholkularitza teknikoarekin, azterlan bat egiten ari da bideragarritasuna aztertzeko, eta jabeen kontsulta-aldi bat hasi du, "zuhurrenak, arduratsuenak eta proportzionatuenak iruditzen zaizkigun erabakiak hartzeko". Dermaurekin hasi da, sektorearen tramitazioarekin jarraituz gero egungo kostuaren zenbatespen bat bidalita. "Erantzunak iristen ari dira, eta gehienak hirigintza-garapenarekin jarraitzearen kontrakoak dira", aurreratu zuen. Sakanako Autobia eta Gasteiz hiribidearen artean dagoen Dermauko sektoreak 69.688 metro karratuko azalera du. 2003an 3,6 milioi euroko aurrekontua zuen hura garatzeak, gaur egun 6,5 milioikoa dela kalkulatzen da.
Lan istripua
Altsasuko basoan lan istripuan gizonezkoa hil zen. Altsasuko Udalak familiari eta gertukoei elkartasuna adierazi zion erakunde adierazpen baten bidez. Aldi berean, udalak lan segurtasuna bermatzeko eskaera egin zuen, "behin betiko lan istripuak desagerrazteko". Horretarako, "gaur egungo lan osasunaren esparruan aurrera pauso nabarmenak eman beharra dago". Lan arloko eragile guztiak, sindikatuak eta administrazioak lan arriskuen prebentzioa sustatzera deitu zituen.