Astekaria

Olatz Azazeta, Goierriko Bi Handien erregina

Maider Betelu Ganboa 2025eko uztailaren 23a

Olatz Azazeta Pelaez oso kontentu iritsi zen helmugara. GOIERRIKO HITZA

Altsasuarrak aurrean egin zituen Beasaingo ultrako 90 km-ak, eta erraz gailendu zen

Olatz Azazeta Pelaezek Goierriko Bi Handietan ez zuen areriorik izan (13:48:53). "Oso pozik nago egin nuen lasterketarengatik. Azkenean, amesten duzu, baina ez duzu inoiz horrelakorik espero. Oso polita izan zen lehendabiziko postu hori lortzea eta lasterketa guztian lehena joatea. Horrek lasaitasuna eman zidan" dio Olatz Azazeta txapeldunak. 

Olatz Azazeta azkar atera zen hasieratik, "hori izan zen estrategia, lehen hiruzpalau orduetan azkar joatea, egunez ahalik eta km gehien egiteko". Alerta metereologikoengatik larunbateko 19:00etara atzeratu zuten irteera. "Beraz, egunez atera ginen, gauean izan beharrean. Horrek eragin handia izan zuen, oso lasterketa azkarra izan zelako lehendabiziko momentutik". Hala ere, "oso ongi" sentitu zen Azazeta. "Horrek esan nahi du entrenamenduak oso ongi doazela". 

Gauez egin zuten ibilbide gehiena, tartean zatirik teknikoenak, Aizkorriko eta Andraitzeko jaitsierak. "Horrek pila bat moteldu zuen lasterketa. Zentzu horretan, amorrua ematen dit denbora ez zelako nik nahiko nukeena izan, baina uste dut antolakuntzak erabaki egokia hartu zuela, irteera atzeratzearena".  

Azazeta "oso eskertuta" dago inguruko guztiekin. "Familiari, lagunei, bikoteari, animatzen zegoen jende guztiari eta boluntarioei eta antolakuntzakoei eskertuta, atzean lan handia dagoelako. Eskerrik asko, Goierriko Bi Handiak egitea etxean bezala sentitzea delako". 

Sakandar onenak Beasainen
Ehunmilak ultra trailean (171 km, 10.500 m+) Eugeni Etxarte lehen sakandarra izan zen, helmugan 37. postuan (21:15:08). Goierriko Bi Handietan (90 km, 5.500 m+), Olatz Azazeta txapelduna izan zen (13:48:53), eta Gaizka Angulo 30. (13:40:44). Marimurumendi mendi maratoian (42,195 km, 2.300 m+) Ainara Galarza 14. emakumea izan zen (5:19:44), eta Aitor Salinas lehen gizon sakandarra, 195. (5:55:12). 

ARGAZKIAK: GOIERRIKO HITZA