Txirrindularitza

Iker Gomez, stagiaire-a

Guaixe 2025eko uztailaren 17a

Iker Gomez Lopez de Goikoetxea, Circuito Montañes-eko etapa irabazi zuenean. FINISHER

Finisher taldeko txirrindulari altsasuarra profesionalen Kern Pharman trebatuko da, stagiaire edo laguntzaile gisa

Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak aurten debutatu du afizionatuetan, Finisher taldearekin, eta debut ikusgarria egin du. Hiru garaipen lortu ditu (Manuel Sanroma Memorialeko lehen etapa, Lizarrako Zunzarren Memoriala eta Circuito Montañes-eko lehen etapa, eta bigarren izan zen Nafarroako Itzulian) eta orain beste pauso bat eman du aurrera, Kern Pharma taldeko stagiaire-etako bat izango baita, Unai Calvo eta Cesar Perez taldekideekin batera. 

Stagiaire hitz frantsesaren definizioa “praktikan dauden langileak” da. Jakina denez, Kern Pharma talde profesionalaren harrobia da Finisher taldea, eta hain zuzen ere harrobiko hiru txirrindulari hauek, Iker Gomez, Unai Calvo eta Cesar Perez, nolabait esateko “praktiketan” ariko dira Kern Pharman, beraien trebakuntzari begira pauso oso garrantzitsua.