Txirrindularitza

Ane Beltran de Heredia, hirugarren nafarra Emakumeen Iruñerriako Itzulian

Guaixe 2025eko uztailaren 22a

Emakumeen Iruñerriako Itzulia Errotzeko zubitik pasatzen. MARTIN EARLY

Irati Arangurenek (Andoain) irabazi zuen itzulia, hirugarren etapa irabazita. Hirugarren etapak Arakil eta Irurtzun bisitatu zituen

Uztailaren 21ean, V. Emakumeen Iruñerriako Itzuliko hirugarren eta azken etapa jokatu zen, Iruñeko Redingo Zaldi Zuria abiapuntu eta helmuga zuena (65,5 km). Irati Aranguren (Andoain) zen liderra, baina itzulia zabal-zabalik zegoen, liderraren denbora berean beste sei txirrindulari zeudelako. Beraz, ikusmina handia zen. 

Etapa Sakanara iritsi zen, Atondotik. Errotzen sartu, zubia gurutzatu eta Urritzolako bidea hartuz, hirugarren mailako Urritzolako gaina gainditu zuten txirrindulariek, Etxarrenera heldu eta Irurtzunera egiteko. Handik, Asiaingo bidea hartu zuen. 

Iruñerriako Itzulia jokoan zeuden lau txirrindularik, Irati Arangurenek (Andoain), Lidia Castrok (Mirat Team), Aiala Serranok (Rio Miera) eta Laia Puigdefabregasek (Vipeq Team) ihes egin zuten Arazurin zeudela,helmugarako 8 km pasatxoren faltan. Horrela, Redingo igoeran erabaki zen itzulia. Irati Arangurenek irabazi zuen lasterketa (1:49:10) eta itzulia, Lidia Castrori eta Aiala Serranori bi segundo aterata. Laia Puigdefabregasek ezin izan zion hiruren erritmoari eutsi eta laugarren sartu zen (1:49:23). Ane Beltran de Heredia altsasuarra (Timac Agro) 41. iritsi zen, 3:23ra, eta Ane Berastegik (Ecologicos Navarra-Beratxa) ezin izan zuen proba bukatu. 

Irati Arangurenek bigarren urtez jarraian irabazi du Emakumeen Iruñerriako Itzulia. Bi etapa eta sailkapen orokorraz gain, erregulartasunaren saria eta junior mailako sailkapen orokorra irabazi ditu. 

Lehen nafarra Laia Puigdefabregas izan da (5:39:05, eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra hirugarren nafar onena izan da.